Itxialdiak egingo dituzte asteazken iluntzean eskualdeko ikastoletan

Intza Trula 2025eko azaroaren 24a

LABek urrian egindako manifestazio bateko irudia, akordioan adostutakoa betetzeko eskatuz. (LAB)

Protesta egingo dute Hezkuntza Sailak eta LABek 2023an sinatutako lan akordioan hitzartutakoa bete ez dela salatzeko. Azpeitiko, Orioko eta Zarauzko ikastolak batu dira itxialdira, eta Zumaian zer egin erabakitzen ari dira. 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolek –tartean Azpeitikoak, Oriokoak eta Zarauzkoak– protesta eguna deitu dute asteazkenerako, eta horren harira, irakasleek itxialdiak egingo dituzte etzi iluntzean. Ikastolek salatzen dutenez, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta LAB sindikatuko ordezkariek 2023ko ekainean sinatutako lan akordioak "bete gabe" jarraitzen du. Mobilizazioarekin, beraz, "hitzarmenean jasotako konpromisoak bete ditzan" exijitu nahi diete.

Akordio horrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sare guztietako langileengan eragina izango duten neurriak jasotzen ditu. Esaterako, Hezkuntza Sailak langile ororen soldatak parekatzea eta lan-baldintzen homologazioaren azterketa egitea jaso zuen.

Soldaten gaiari dagokionez, LABek dio Hezkuntza Saila "iskin" egiten ari dela langile batzuen soldata parekatzeari, "sinatutako akordioan parekatzea guztientzat izango zela jaso bazen ere". Lan-baldintzen homologazioa ere ez da egin, "ezarritako epeak aspaldi gaindituta egonda ere". Hori horrela, azterketak "lehenbailehen" gauzatzeko eskatu du sindikatuak.

"Ondorio larriak"

LABek esan duenez, akordioan jasotakoak ez betetzeak "ondorio kaltegarriak" ditu ikastoletako langileengan, "bai lehendik onak ez ziren baldintzetan, bai eguneroko lanean ere". Egoeraren aurrean, sindikatuak mobilizazio dinamika abiatu zuen iazko ikasturtean, lan akordioa "blokeatuta" dagoela salatzeko. "Zoritxarrez", egoerak bide beretik jarraitzen duela jakinarazi du. "Horregatik, protestan jarraitzea besterik ez zaigu geratzen", gaineratu du.

Kasu honetan, itxialdiak deitu dituzte etzirako –azaroak 26–, eta Urola Kostako zentroetan ere aurrera eramango dute dinamika. Zarautzen, Salbatore Mitxelena Ikastolako eta Oteitza Lizeoko langileak batuko dira protestara. Itxialdiaren aurretik, ordea, kanpin-dendak muntatu eta lotarako lekua atontzeko elkartuko dira, eta kontzentrazioa ere egingo dute eskolako atarian. Jarraian, kalejira egingo dute; Salbatore Mitxelenatik 18:15ean abiatuko dira, eta jarraian Oteitza Lizeokoekin elkartuko dira, herriraino jarraitzeko.

Orioko Herri Ikastolan ere arratsaldetik izango dituzte ekintzak. Pankartak margotu eta kanpin-dendak muntatuko dituzte arratsaldean, eta eguzkia ezkutatzearekin batera talde argazkia aterako dute. 19:30ean kazerolada egingo dute, herriko kaleetan barrena. Azpeitiko Ikasberri ikastolan ere bat egingo dute protestarekin, eta itxialdia egingo dute etzi gauean. Bertan elkartzen direnek hausnarketa ariketa egingo dute. Zumaienako langile batzordea zer egin erabakitzen ari da, eta zerbait zehazten dutenean emango dute horren berri.

LABeko ordezkariek azpimarratu dute hezkuntza sistemaren eraikuntzan jarraituko dutela, "zuen seme-alabei eskubidez dagokien hezkuntza duina eskaintzeko". Horretarako, baina, beharrezkoa da akordioan sinatutakoa betetzea. Ildo horretatik, ikastolek argi eta garbi utzi nahi izan du ez dutela amore emango: "Borrokan jarraituko dugu Hezkuntza Sailak dagokiguna eman arte!".

Honakoak dira asteazkenerako egitarauak:

Orio:

  • 17:30. Pankartak egin, esku orriak prestatu eta kanpin-dendak muntatu.
  • 19:00. Argazkia.
  • 19:30. Kazerolada herrian barrena (jende kopuruaren arabera).
  • 21:00. Afaria.
  • 22:00. Euskal dantzen ikastaroa.
  • 23:00. Lotara.
  • 07:30. Gurasoei esku orriak banatu.

Zarautz:

  • 16:45. Kanpin-dendak muntatu eta kontzentrazioa.
  • 17:15. Lotarako lekuak atondu.
  • 18:15. Kalejira ikastolatik herrira.
  • 18:30. Oteitzakoekin elkartu eta kalejirarekin jarraitu herrirantz.
  • 20:30. Kantu afaria.
  • 21:30. Zine foruma, jolasak, irakurketa txokoa...
  • 07:15. Gosaria.

Azpeitia:

  • 20:00. Ikastolako aretoan lan baldintzen egoera eta hezkuntza akordioan sinatu ziren baldintzen urraketen inguruko hausnarketa.
  • 21:30. Afaria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide