Azaroaren 25a

Urolako Komunikazio Taldea, indarkeria matxistaren kontra

Erredakzioa 2025eko azaroaren 25a

Azaroaren 25aren harira, emakumeen kontrako indarkeriaren aurka egiteko konpromisoa duela adierazi nahi du Urolako Komunikazio Taldeak. II. Berdintasun Plana jarri du martxan taldeak, gai honen inguruan duen sentsibilitatea eta konpromisoa berresteko, are gehiago orain, salaketa kopuruak gora egin dutenean.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da gaur, Azaroaren 25a. Egun seinalatua da gaurkoa berdintasunaren aldeko borrokan nazioartean. Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) ere bat egiten du milioika herritarrek zabalduko duten aldarriarekin.
 
Herritar guztientzat aukera berdintasuna bermatuko duen gizarte parekide eta justuago batean sinesten du UKTk, eta horren erakusle da kooperatibako Berdintasun batzordeak aurten martxan jarri duen II. Berdintasun Plana, gai honen inguruan duen sentsibilitatea eta konpromisoa berresteko. Izan ere, genero indarkeriagatik jarritako salaketa kopuruak %3,9 egin du gora 2025ko lehen hiruhilekoan Araban Bizkaian eta Gipuzkoan. Tarte horretan 1.690 salaketa jarri dituzte aurten, eta iaz 1.627 izan ziren.  
 
Gaur eskualdean izango diren ekitaldien berri emateaz gain, indarkeria matxistaren aurkako jarrera irmoa eta hori gaitzesteko betebeharra duela azpimarratu nahi du UKTk beste urte batez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide