Ibon Badiolak eta Amagoia Iribarrek irabazi dute Azkoitiko Herri Lasterketaren hogeigarren edizioa

Aitziber Arzallus 2025eko azaroaren 22a

Hamar kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute proban parte hartu duten 350 kirolariek. Gizonetan, Hugo Rodriguez sailkatu da bigarren, eta Endika Donnay hirugarren. Emakumeetan, Iribar oriotarrak, Eneritz Aramendi azpeitiarrak eta Garazi Artolak osatu dute podiuma.

Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton taldeak antolatutako XX. Herri Lasterketa jokatu dute gaur herrian. 350 lagunentzako dortsalak jarri zituen taldeak eskuragai, eta guztiak agortuta jokatu dute gaur proba. Aurtengoan, Ibon Badiola ondarroarra (Bizkaia) eta Amagoia Iribar oriotarra izan dira nagusi.

Lasterketaren parterik handienean Hugo Rodriguez mallorcarra (Herrialde Katalanak) joan buruan, baina helmugarako metro batzuen faltan, aurrea hartu dio Badiolak, eta bera izan da marra zeharkatzen aurrena, 30 minutu eta 44 segundoko denbora eginda. Rodriguezek bigarren egin du (31:53), eta hirugarren Endika Donnay arrasatearrak (Gipuzkoa), 32:16 denborarekin.

Emakumeetan, Iribarrek 36 minutu eta 45 segundo behar izan ditu hamar kilometroak egiteko. Bigarren, Eneritz Aramendi azpeitiarrak egin du (37:42), eta hirugarren, Garazi Artola usurbildarrak (Gipuzkoa), 39:32 denborarekin.

Aurreneko gizon azkoitiarra Marcos Zaldibia izan da; laugarren postuan helmugaratu da, 32:25 denbora eginda. Aurreneko emakume azkoitiarra, berriz, Ainhoa Agirrebeña izan da; 40:23 denbora egin du hark, eta emakumeetan bosgarren helmugaratu da.

Lotura honetan ikus daiteke sailkapena osorik.

Ibilbidea

Herriko plazatik irtendakoan, San Martin kalera abiatu dira korrikalariak, eta Jausoro auzuneko Burdinoleta kalea inguratuta, Ibaiondon behera abiatu dira segituan. Ibaiondotik Aizkibel liburutegiaren parera zuzendu dira gero kirolariak, baina Guardia kaleko bidegurutzea hartuta, Ibaiondo kalera itzuli dira atzera.

Itzuli txiki hori eginda, Ibaiondotik Altzibar auzora egingo dute korrika parte hartzaileek. Altzibarko Anaitasuna plazari buelta eman diote aurreneko itzulian —Altzibar plaza inguratuko dute hara egindako bigarren itzulian—. Altzibar atzean utzitakoan, berriro herriko plazaren alboko kaleetara bueltatu dira korrikalariak. San Martin eta Ibaiondo kaleak zeharkatu dituzte aurrena, eta kiroldegiaren aurreko biribilgunera iritsitakoan, ertzain etxerako maldan gora joan dira; beilatokia eta Juin industrialdea utzi dituzte ondoren atzean, Julio Urkixo etorbidera atera aurretik.

Julio Urkixo etorbidera kale horren 40 zenbakiaren pareko bidegurutzetik sartu dira parte hartzaileak; Izpiritu Deunaren kalean —Intsausti jauregiaren alboko kalea— utzi dute etorbidea, Ugarte kalean eta Klara Donea kalean barrena jarraitu beharko baitiote ibilbideari korrikalariek. Plazako helmugara iritsi aurretik, Plazaberri izan dute gainditu beharreko azken zatia.

Joseba Diaz azkoitiarra eta Nerea Baena arrasatearra nagusitu ziren iazko proban. Marka ezartzetik hurbil ibili zen azkoitiarra, baina azkenean, ez zuen helburu hori lortu; 30 minutu eta hamazazpi segundo behar izan zituen helmugara iristeko. Baenak, berriz, 37:57 denbora egin zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide