Historia jendeari ez ezik, lekuei ere oso lotuta egon ohi dira, eta nabariak dira gure eskualdean herri kirolari lotutako hainbat gune. Probalekuak dira horren erakusle, herri askotako plazak galtzada harriz jantzita baitaude, gune horietan askotako herri kirolak praktikatu izan diren seinale. Besteak beste, Aian, Aizarnan, Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Errezilen, Narrondon eta Zestoan aurki daitezke probalekuak. Batzuk gehiago eta besteak gutxiago erabiltzen dira egun, baina gure paisaiaren parte dira oraindik. Ezagutu ditzagun horietako batzuk!

Aian dago Urola Kostan gaur egun garrantzi handiena duen probalekua. Herri kirolei lotutako erronka ugari egiten dituzte han, baita kontzertuak eta bestelako kultur ekitaldiak ere. Horretarako, probalekua areto bilakatzen dute, lurra estaliz.
Izan ere, 2017an, probalekuari beste erabilera batzuk ere eman nahian, Aiako Udalak espazio hori egokitzeko lanei ekin zien: ate berria jarri, zoru muntagarria prestatu, isolamendu akustikoa egin, argiteria berritu… Horrela, espazio hori, probalekua ez ezik, aretoa ere bada gaur egun. Eman nahi zaion erabileraren arabera, itxura bat edo bestea hartzen du.

Aizarnazabalgo plazan, udaletxearen aurrean, dago herriko probalekua, frontoian integratuta. Betidanik izan da probalekua herrian, eta idi dema ugari ikusteko aukera izan dute herritarrek. 2006an, idi proben ohitura kolokan izan zen, eta horrekin batera, probalekuaren izaera ere zalantzan jarri zuten zenbaitek. Dena den, Aipe Aizarnazabalgo probalarien elkartea sortu zuten, eta hura arduratzen da ordutik demak antolatzeaz. Gainera, herrian bertan ere badituzte idiekin aritzen direnak.
AZKOITIA

Gurea pilotalekuan idi dema ugari egiten dira oraindik, eta probalekuan jende ugari elkartzen da halakorik egiten duten bakoitzean. Eskualdeko plazarik garrantzitsuenetakoa da.
AZPEITIA

Berezia da Azpeitiko probalekua, zezen plazaren azpian gordeta baitago. Dena den, horrek erakusten du, zezenak toreatzeko ez ezik, bestelako herri kiroletarako ere ederki prestatuta dagoela Azpeitiko zezen plaza. Zezen plazak ehun urte bete zituenean erabili zuten azkenengoz probaleku hori idi probetarako, baina pentatloi probetan ere baliatu izan dute, giza proban aritzeko.
ZESTOA

Zestoako plazatik igaro den orok nabarituko zuen galtzada harriz osatuta dagoela gunea; hara ez dago oinetako aldrebesekin bertaratzerik, inork estropezu egin nahi ez badu behintzat. Plaza historikoa da Zestoakoa, eta besteak beste, Arriya filma grabatzerakoan lokalizazio gisa baliatu zuten gunea.