Aizkora eta trontza urte luzez izan dira herri kiroletako modalitate esanguratsuak; bada, Euskal Timber txapelketak bi horiek uztartu ez ezik, motozerra ere gehituko dio lehiari. Gari Etxeberria antolatzaileak azaldu duenez, Stihl Timbersports Series mundu mailako txapelketa nagusia Euskal Herrira ekartzeko grinak eman dio Euskal Timber txapelketa antolatzeko ideia. "2011. urtera arte hemengo kirolari batzuk, Larretxeak, Olasagastik eta arriatarrek, esate baterako, hartu zuten parte txapelketa hartan. Urte hartan kirolariek antolatzaileekin izandako liskar baten ondorioz edo, eten egin zen harreman hori, eta Espainiako Estatuan egiteari utzi egin zioten, hemengo kirolariak parte hartzeko aukerarik gabe utzita", azaldu du Etxeberriak.
Txapelketa motza eta ekitaldi bizi nahiz zirraragarri bat egitea nahi izan dute antolatzaileek, ikusleei zerbait "berria eta berezia" eskaintzeko asmotan. "Stihlekin kontaktuan jarri nintzen, eta bilera batzuk egin ondoren lortu genuen 2011n moztu zuten hari hari jarraipena ematea", dio Etxeberriak. Horrela, 25 bat kirolarirekin harremanetan jarri zen, eta "belaunaldi aldaketa" ikusi dutela dio. Txapelketan bertako kirolariek parte hartuko dute eta, gainera, parte hartze horrek bidea irekiko die nazioartean antolatzen dituztenetan lehiatzeko, eta horrela, lehengo egoera hartara bueltatzeko. Behin sailkatuta, kirolari bakoitzaren trebeziaren araberakoa izango da nazioarteko txapelketetan aurrera egitea. "Iker Vicente edota Eneko Saralegi ibili izan dira aurretik, baina orain 25 kirolariri aukera eman zaie beraientzat berria den modalitate honetan proba egin dezaten".
Hamasei kirolari sailkatu dira abenduaren 20an Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko duten final handira; tartean, Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarra eta Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra. Azaroaren 15ean egin zuten lehen faseko saioa: 25 kirolari aritu ziren nor baino nor lehian Astigarragan, ateak itxita egin zuten kanporaketan. Zarauzko finalerako sarrerak Internet bidez eros daitezke dagoeneko, honako lotura honetan.
Hamasei kirolari sailkatuko dira abenduaren 20an Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko duten final handira
Abenduaren 20ko hitzorduan hamasei kirolari lehiatuko dira, eta horietatik bi gelditu arte jardungo dute; txapelaren bila bi kirolari ariko dira, nor baino nor. Partaide denek motozerrarekin mozketa bat egin beharko dute; jarraian, aizkorarekin egurra etzanda jarrita; ondoren, trontzan; eta azkenik, aizkorarekin, bertikalean. Arau guztiak bete eta denbora onena egiten duena sailkatuko da ondorengo txandara. "Arau zorrotzak izaten dira txapelketa hauetan eta hutsegite txiki bat nahikoa da deskalifikatua izateko", esan du Etxeberriak.
Kirolariek bi campus edo topaketa egin zituzten irailean, Otsagabian bata eta Zumarragan (Gipuzkoa) bestea. "Campus horiek kirolariei arauak erakusteko eta teknika hobetzeko baliatu ditugu. Badirudi erraza dela motozerrarekin ebaketa bat egitea, baina ñabardura asko ditu frogak, eta erraz egin daiteke akats bat". Inoiz aritu gabeko proba horietara egokitzeko eta entrenamendu gisa baliatu dituzte egindako bi topaketa horiek.
Aritzbatalden egingo den finaleko ekitaldira jende andana bertaratzea espero dute antolatzaileek, "erakargarria, agresiboa eta berria" den ekitaldia izango baita. Maila handiko kirolariak ikustearen "morboak" ere positiboki eragingo diela adierazi du Etxeberriak. "900 lagun inguru sartzen direla uste dut, eta jendea kalean geldituko dela iruditzen zait. Harrera ona espero dugu". Aurretik ere duatloi nahiz pentatloiak antolatzen badu esperientzia Amasako (Gipuzkoa) bizilagunak.
Herri kirolen mundua "indartsu" ikusten du. Nahiz eta Luis Mari Bengoaren erretiroak "ziurgabetasuna" sortu duen, bada bere lekukorik kirol ikuskizunak antolatzeko orduan. "Aizkolariak ez dira geldirik egoten urte osoan, eta sekula baino kirolari gehiago mugitu den sentsazioa daukat", dio. "Herri kirola indartuta dago, duela bospasei urte inguru gorakada berri bat jaso zuen eta indartsu jarraitzen du. Jendeak gauza berriak probatzeko gogoa du".