Alde egin behar, irauteko

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 13a

Hainbat lagun Irun eta Hendaia lotzen dituen zubian, 1936ko irailean. (Utzitakoa)

Asko izan ziren 36ko gerraren eta frankismoaren ondorioz sorterria utzi eta ihes egin behar izan zuten herritarrak. Batzuk itzuli ziren, eta besteak, ez. Deserriak ere baditu lekukotzak. Guka Francoren heriotzaren 50. urtemuga dela-eta egiten ari den lanketako zazpigarren erreportajea da honako hau.

Erbestea izan zen 1936ko gerran eta frankismoaren lehen urteetan izan zen errepresioaren beste aurpegietako bat. Beldurra, mehatxuak nahiz zigorrak tarteko, milaka eta milaka herritarrek egin zuten sorterritik ihes. Francoren tropak Gipuzkoara sartu zirenean, herritar ugarik Bizkaira nahiz Lapurdira jo zuten, baina asko izan ziren Euskal Herritik alde egin zutenak ere: Eusko Jaurlaritzak emandako datuaren arabera, urte haietan, 120.000 lagun joan ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik Ipar Euskal Herrira eta Frantziara. Beste hainbatek, berriz, Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuten, eta Hego Ameriketan aurkitu zuten abaroa; horietako asko ez ziren sekula itzuli etxera, gainera.

Urola Kostatik ere alde egin behar izan zuen herritar pila batek. Ez dago datu zehatzik, ordea; izan ere, askok arrastorik utzi gabe jo zuten erbestera. Dena den, Gipuzkoako Foru Aldundiak orain urte batzuk eman zituen 1937an frankistek beren herrietatik bortxaz kanporatu zituzten emakumeen eta haien haurren gaineko zifra batzuk. Erakunde horren arabera, 36ko gerra hasi eta gutxira, 750 lagun inguru kanporatu zituzten, eta horietako erdiak baino gehiago ziren Urola Kostako bizilagunak. Zehatzago esanda, Zumaia izan zen behartutako erbesteratze gehien izan ziren herria, 252 lagun kanporatu zituztelako handik, baina eskualdeko beste zenbait herritatik ere bidali zituzten deserrira: 65 emakume eta haur Azkoititik, bost Azpeititik, 24 Getariatik, 88 Zarauztik eta 35 Zestoatik.

Euskal erakundeetan ere izan zuen eragina erbesteak; izan ere, 1936ko urrian sortu zuten Eusko Jaurlaritza, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zuela; eta 1937ko ekainean, Turtziozko (Bizkaia) adierazpena idatzita, Kataluniara jo zuten. Jaurlaritza Bartzelonan kokatu zen aurrena, baina Francoren tropek Katalunia hartzearekin bat, Frantziara alde egin zuten erakundeko kideek. Jaurlaritza erbestean izan zen 1979ra arte.

Agirre lehendakariak eskatuta, Parisera jo zuen ordurako Ipar Euskal Herrira ihes eginda zegoen Xabier Landaburu abokatu eta politikari jeltzaleak; Eusko Jaurlaritzaren delegatu izendatu zuten. EAJren Euzkadi Buru Batzarreko kidea zen, Arabako diputatua ere bai, eta erbestera joaterako, hamahiru hilabetez Gasteizen egon zen, etxean ezkutatuta, fusilatzea nahi zutelako. Deserrian zela, Kostantiñe Illarramendirekin ezkondu zen Landaburu, eta zazpi seme-alaba izan zituzten; tartean, Gorka Landaburu Illarramendi (Paris, 1951). Hark ondo gogoan ditu Parisen bizi izan ziren urteak; haurtzaroko oroitzapen "oso onak" ditu, "zoriontsu" izan zela adierazi du.

Bederatzi laguneko familia etxe txiki batean bizi izan zen Parisen, eta Landaburuk dioenez, Frantziako Estatuaren laguntzak jasotzen zituzten. "Familia ugaria izanik, laguntzak ematen zizkiguten. Amak beti esaten zuen berari, ordurako lau seme zituelako, bi litro esne ematen zizkiotela, eta laguntza bila joaten ziren frantziar zenbaiti litro bakarra. Arraro begiratzen omen zioten...". Eskola publikora joaten ziren denak, gero lizeora, unibertsitatera... "Frantziarrak ginen, baina amarekin euskaraz eta aitarekin gaztelaniaz hitz egiten genuen".

Eusko Jaurlaritza Parisko Marceau etorbideko 11. zenbakiko eraikinean kokatu zen lehen urteetan, baina gero ebatsi egin zioten eraikina naziek, eta Francori eman. Hori dela eta, hiriko Singer kaleko 45. zenbakian erosi zuen Jaurlaritzak Parisen bigarren egoitza izango zuena. Eta eraikin hari lotuta oroitzapen izugarri onak ditu Landaburuk. "Lorategi bat zuen, eta gurea bailitzan ibiltzen ginen han; bertan lagatzen genituen bizikletak eta. Han egoten ginen Manuel Irujorekin, Agirre lehendakariarekin... Pentsa, Irujo nire anaiaren aita pontekoa zen. Eusko Jaurlaritzakoak familiakoak ziren guretzat". Hainbat festa ere ospatzen zituzten egoitza hartan, hala nola Aberri Egunekoak eta Gabonetakoak. "Parisen ziren erbesteratuekin elkartzen ginen, familia giroan egoten ginen", esan du Landaburuk.

Batzuk itzuli ziren

Joan ziren Parisera, baina Euskal Herrira itzuli ezin. Landaburu-Illarramendi senar-emazteek galarazita zuten diktadura garaian etxera bueltatzea. "Izan ere, ez zuten pasaporterik, eta badaezpada ez ziren Espainiako enbaxadara joaten", zehaztu du haien semeak. "Baina gu frantziarrak ginen, eta igaro genezakeen muga; ez genuen horretarako arazorik. Aitak nahi zuen gu udan Zarautzera eta Gasteizera joatea, eta halaxe egiten genuen, bai baikenituen osaba-izebak leku horietan. Ederra izaten zen, 7-8 urterekin itsasoan ibiltzen ginen, hondartzan. Amonarekin, osaba-izebekin, lehengusuekin egoten ginen. Etorri egiten ginen, eta uda pasatutakoan, berriro joan".

"Parisen ginela, Eusko Jaurlaritzakoak familiakoak ziren guretzat"

Gorka Landaburu

Etxera, "bere Euskal Herri maitera", itzultzeko aukerarik ez zuen izan Xabier Landaburuk, Parisen hil baitzen 1963an, 56 urterekin. Amak bai; Kostantiñe Illarramendi itzuli zen Zarautzera, sorterrira, 1967an. "Eta gu ere bai", esan du semeak. "Poza berreskuratu zuen amak, hainbeste tristura eta gero...". Izan ere, Landabururen arabera, gurasoek izan zuten Hego Amerikara joan eta bizitza berrekiteko aukera, baina Parisen geratzea erabaki zuten, "aguantatzea". Dena den, 1939an, amak Donibane Lohizunetik (Lapurdi) Zarautzera ihes egin zuela kontatu du Landaburuk: "Senarrari ezer esan gabe, lau semeak utzita, mendiz etorri zen Zarautzera; bere amarekin, amona Clararekin, egon zen 24 orduz, baita ahizpekin ere. Baina hurrengo egunean, salatu egin zutela eta, mugaz bestaldera itzultzea gomendatu zion ezagun batek". Halaxe egin zuen: "Itzuli zenean, aitak erotuta al zegoen esaten omen zion, akabatu egingo zutela eta. Baina halakoxea zen gure ama, borrokalaria".

Gazterik gelditu zen Illarramendi alargun, zazpi seme-alabarekin, erbestean. "Pasaportea lortu zuen 1967an, eta Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugara iritsi ginenean, Espainiako Poliziak gelditu egin gintuen. Pare bat ordu igaro genituen han. Pasaportea itzuli zionean, askoz ere lehenago itzul zitekeela esan zion polizia harroxko hark". Uda zen, Zarautzera itzuli ziren. 39ko ihesaldi hartaz geroztik lehen aldiz, eta "hainbat abenturaren ostean", amarekin eta ahizparekin elkartzeko aukera izan zuen Illarramendik. Landaburu, berriz, 1972an iritsi zen Paristik Zarautzera. "Frantzian zerbitzu militarra egin behar nuen berez, baina libratu egin nintzen Zarauzko urari esker", esan du barrez. Izan ere, otitis kronikoa zuela eta, ez zuen soldaduska egin beharrik izan. "Hala, Zarautzera joatea erabaki nuen, Paris eta hango dena alde batera lagatzea; Zarauzkoa nuen bikotekidea ere, eta horixe zen niretzat garrantzitsuena".

Semea itzuli eta hiru urtera, Zarautzen jaso zuen Illarramendik Francoren heriotzaren berria, eta ezin zukeen bestelakorik egin: "Familia bizi ginen etxean geunden. 08:00 ingurua zen, eta musika izugarrizko bolumenarekin jarri zuen amak irratian. Leiho guztiak zabaldu zituen eta 'Franco hil da' oihukatu zuen. Hil zen azkenean, eta ama Kale Nagusian zegoen gozotegira joan zen zuzenean. Pastelak erosita, Guardia Zibilaren kuartelaren aurretik bitan igaro zen. Hura ospatu beharra zegoen", azaldu du Landaburuk.

Venezuelara ihesa

Frankismoari ihesi, Hego Amerikara jo zuten hainbat euskal herritarrek. Horietako bat izan zen Julene Urzelai (Azkoitia, 1912-Caracas, 1983). EAJren Emakumeen Abertzale Batzako kidea zen, eta 1931n, mitinak ematen hasi zen. Azkoitian hitz egin zuen jendaurrean aurrenekoz, Bigarren Errepublika garaian, festa-omenaldi batean; Jose Antonio Agirre lehendakaria eta Esteban Urkiaga Lauaxeta aurkeztu zituen. 36ko gerra hastearekin, Bizkai aldera egin zuen ihes, eta Gernikako bonbardaketa lehen pertsonan bizi izan zuen. Handik Parisera alde egin zuen, EAJk lagunduta, eta han ezagutu zuen, hain zuzen, gerora ezkondu zen Frantzisko Zamakona. 1940an, berriz, Venezuelara joan ziren senar-emazteak, eta han bizi izan zen Urzelai hil artean.

Izebak Venezuelan bost urte zeramatzala jaio zen haren iloba Tegi Urzelai Alberdi (Azkoitia, 1945). Urzelaitarren etxean abertzaleak eta euskaltzaleak izan ziren beti. Hala kontatu izan ziotela esan du Tegik: "Gure aitonak Bizkaitarrak aldizkaria izaten omen zuen etxean; oso abertzaleak ziren. Sasoi hartan ez zuen edonork hartzen aldizkari hura. Izeba Julenek, berriz, berezkoak omen zituen indarra eta grina, eta halaxe hasi zen mitinak eskaintzen eta".

Zortzi anai-arreba ziren Urzelai-Aramendi sendian, eta 36ko gerra hastearekin, familia guztiak egin zuen batera eta bestera ihes, "bakoitzak bere aldetik". Tegiren ahizpa Lidek 3 urte zituen Espainiako gerra piztu zenean, eta amarekin alde egin zuen Bizkai aldera. Badu horri lotuta etxekoek kontatu izan zioten istorio bat gogoan Tegik: "Alde egin behar zutela abisatu zieten etxekoei, eta aita etxean geratu bazen ere, amak eta ahizpak ihes egin zuten. San Martin auzoan bizi ziren orduan, eta etxe hartan bazen sukaldearen kanpoaldean txapalda bat. Aita pilotaria zen, eta han izaten zituen pilotak goxatzen. Aldamenean mutil koskor bat bizi zen, eta hark hala esan omen zion amari: 'Justinok pilotak hor laga ditu. Hartuko al dut bat?. Eta amak: 'Alde egin beharra izan ditek, baina laster itzuliko dituk'".

Batera eta bestera ibili ostean, urte eta erdiren buruan itzuli ziren etxera, baina han ez zegoen ez pilotarik, ez etxe barruko trasterik. "Dena eraman zuten. Hustu egin zuten etxea. Gure etxeko altzariak Junta de guerran egon ziren gero, eta amaren anaia batek hartu eta baserrira eraman zituen zaharberritzeko; oraindik ere badauzkagu haietako batzuk", esan du Tegik. Dena den, Azkoititik alde egin zuen familia erabat "sakabanatuta" gelditu zen. "Familiako emakumeek ihes egin zuten, eta denak ez ziren itzuli; Baionan nahiz Caracasen geratu ziren batzuk. Gizonak, berriz, kartzelan, trabajadoreetan... ibili ziren", zehaztu du azkoitiarrak. "Denek sufritu zituzten gerraren ondorioak", gaineratu du.

"Familiako emakumeek ihes egin zuten, Baionara eta Caracasera; ez ziren denak itzuli"

Tegi Urzelai

Gerrak banatu zuen familia, baina zortzi senideek izan zuten elkartzeko aukera gerora. "18 urte nituela, 1963an, gure etxean elkartu ziren senide denak, amama zena ere gurean bizi zelako. Hunkigarria izan zen, oso. Ordura arte elkartu izan ziren batzuk eta besteak, baina denak batera ez; izan ere, batzuk Venezuelan bizi ziren". Juntadizo hartan 84 urte zituen amamak esandakoa ekarri du gogora Tegik: "Hala esan zuen seme-alabak alde egiteko garaia iritsi zenean: 'Bi sentimendu ditut barruan: pena daukat, gehiago ez zaituztedalako ikusiko, baina poz bat ere badaukat; zuetako bakoitza pozik doa bere etxera'. Urtebetera hil zen".

Tegi gerraostean jaio bazen ere, izan zuen familiak gerra sasoian eta ostean izan zituen ibileren berri. Hark esan duenez, baina, pasatutakoak pasatuta ere, sekula ez zioten "gorrotorik" transmititu. "Hitz egiten genuen bataz eta besteaz, pasatutakoaz, baina garbi genuen aurrera egin behar genuela". Eta gerra ez, baina bizi izan zituen azkoitiarrak diktaduraren ondorioak, frankismo betean jaio baitzen. "Eskolan Espainiako bandera ateratzen ziguten, Formacion del Espiritu Nacionaleko ariketak egin... Txikia nintzen baina akordatzen naiz horiekin", esan du. "Euskaraz ere ezin izaten genuen hitz egin eskolan, eta izenaren kontuarekin ere izan genuen trabarik. Hala esan zioten nire ahizpari: 'Seras Lidia?'. Eta nire ahizpa gogorra zen, eta ezetz, hura Lide zela, inskribatu ere hala egin zutela". Ikurrina Hego Euskal Herrian debekatuta zegoen sasoian, izeba bisitatzera Baionara joaten zireneko oroitzapenak ere baditu Tegik: "Gogoan daukat hara joandakoan ikurrina nola hartzen genuen eskuetan. Izugarria zen hura guretzat", erantsi du.

Ihesak eta erbesteak zapuztu zituen hein batean urzelaitarren ametsak, baina ez zuten lortu sutsuki defendatzen zituzten ideiak ezabatzea. Izan ere, Tegik dioenez, abertzaletasuna "belaunaldiz belaunaldi transmititu" dute haienean. Oraindik ere sasoi hartako gauza asko "lausotuta" daudela uste du, eta "egia" kontatzeko beharra dagoela azpimarratu du. "Lehen beldurra zegoen gauzak esateko, eta horrek eragin du transmisio etena. Galantak pasatu ziren, ordea, eta hori dena jaso egin behar da".

Bihar Txikiren eta Otaegiren hilketek gizartean eragin zuten erreakzioaz erreportajea kaleratuko du Gukak, Frankismoa: orbainaren mintzoa seriearen barruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide