Nobela beltzaren, kontakizun historikoaren nahiz dramaren artean dantza egiten du Kepa Iribar kazetari eta idazleak (Getaria, 1975) gaur, asteazkena, Donostian aurkeztu duen Erleen azken ziztada liburuak.
Bigarren eleberria du Arroabeko bizilagunak, eta lehenengoa (72 ordu, Erein) irakurri dutenek ezagun izango dituzten bi pertsonaia berreskuratu du lan berrian: Aitor Letamendia detektibea eta Edurne Rodriguez Ertzaintzako ofiziala. Bahiketa bat argitzeko arrastoen bila ari direla, iraganaren eta orainaren arteko ispilu joko batean amilduko dira, eta kontakizunak hartu-eman horretara sartuko du irakurlea ere.
Izan ere, bi denbora-lerroen arteko elkarrizketak josten du Kepa Iribarren nobela berriaren bilbea, eta gerrak, migrazioak nahiz ultraeskuinak egingo dituzte bien arteko zubi lanak. Batetik, Bigarren Mundu Gerraren garaian sartu du idazluma Iribarrek, eta 1944an, alemaniarren ihes betean, Bidasoaren ibaiertzean kokatu du istorio horren abiapuntua. Hala, gerrara joango den soldadu alemaniar baten egunerokoak eskainiko dio oinarria liburuak planteatuko duen galderari: zenbat iraun dezake iraganaren pozoiak?
Erantzunaren zati bat, berriz, egungo Getarian aurkituko du irakurleak, Letamendia eta Rodriguez agenteek bahiketa argitzeko derrigor iraganera jo behar dutela egiaztatuko dutenean. “Konturatuko dira kasuan aurrera egiteko, denboran atzera egin behar dutela”, zehaztu du idazleak.
Kontakizun osoan zehar, iraganeko nahiz gaur egungo pasarteetan, gurutzatuko dira talde nazi baten memoria iluna, fanatismoa, errua eta barkamena, oroimenaren zama, arrazakeria, migrazioan tragedia… funtsean, gizartearen hainbat itzal, Inazio Mujika Ereingo editoreak azaldu duenez. Eta horrek guztiak beste galdera bat agertuko du: zer gertatzen da egia lurperatzen dugunean?
Kepa Iribarrek Getarian aurkeztuko du bihar Erleen azken ziztada eleberria. 18:30ean hasiko du saioa, Zarautz jauregian.