Arroabeko bizilagun Kepa Iribar (Getaria, 1975) kirol kazetariaren opera prima da 72 ordu miste- riozko liburua. 2022ko Elkanoren Lehorreratzearen unera arteko atzera kontaketaren kronika egiten du, polizia eleberriek berezko duten tentsioa une oro presente dela. Berria izan da liburua idatzi eta argitaratzeko prozesua Iribarrentzat, eta bidean gustura aritu dela dio.
Lehenengo liburua plazaratu berri duzu. Ba al zeneukan aurretik esperientziarik idazten?
Ez bereziki. Duela urte pila bat herriko ipuin lehiaketan parte hartu izan nuen, noizean behin umeei ipuinen bat idatzi izan diet etxerako... baina, bestela, ez dut sekula idatzi. Lanean bai, kiroletako kronikak idazten ditut, baina bestelakorik ez.
Erronka izango zen lana osatzea, orduan.
Bai. Lasai ibili naiz, niretzako kontu bat bezala hasi zelako. Baina erronka izan da, nik egunero egiten dudanaren oso lan desberdina delako. Justu kontrakoa dela esango nuke. Kirol emankizunean kontatu egiten dugu ikusten ari garen hori, momentuan bertan. Hor ez daukazu denborarik pentsatzeko ondo nola esan, edo aldatzeko... bota egin behar da. Hau justu kontrakoa da: idatzi lasai, irakurri, errepasatu, aldatu, orraztu... Justu kontrako ariketa.
Lanketa hori egitera ohitu gabe egonda, ez al zara gogaitu?
Ez. Hartu nuen niretzako gauza bat bezala, ia-ia jolas moduan, eta gustura ibili naiz egiten. Des- berdina eta berria izan da, baina ez naiz batere estutu.
Tentsiozko eta misteriozko liburua plazaratu berri duzu. Zein izan da abiapuntua?
Genero beltza irakurtzea asko gustatzen zait. Hortik tira dut, eta nahiz eta ez nintzen horren bila joan, pixkanaka sortu zaidan zerbait izan da.
Bi elementutatik abiatu nintzen. Azken urteetan, Elkanori buruz idatzi eta hitz egin da pila bat. Historialariei entzunda, jakin ditugu Elkanoren ibilerak, zer bidaia egin zituen, baina entzuten nien ez dakigula Elkano pertsona bezala nolakoa zen, garai hartan ez zelako idatzizko dokumenturik gordetzen. Orduan, otu zitzaidan topatuko bagenu Elkanoren eguneroko bat, zer balio izango lukeen. Bestetik, historialariei ere entzun izan diet Elkanok egin zuena egin zuela, baina mundu mailan ez dela pertsonaia ezaguna.
Horri tiraka, bi elementu agertzen dira liburuan: Elkanoren egunerokoa eta Hollywoodek Elkanori buruz egindako film bat.
Itsas giroko hiztegia erabiltzen ahalegin berezia egin duzu?
Hemen kokatuta baldin badago, eta itsaso mundua pixka bat aipatuz gero, hiztegi hori agertuko da bai ala bai. Ez ni bereziki jakituna naizelako gaian, baina kostaldean jaioak garenok badaukagu hiztegi horren berri, gehiago edo gutxiago.Hala ere, ez da izan bereziki nahita bilatutako zerbait.
Getariak berak ere pisu handia dauka istorioan.
Bai, eszenatokia da eta pisua hartzen du. Hori gustatu zait, nire jaioterria delako. Niretzat inportanteena da istorioa bera, baina hori Getarian kokatzea gustatu zait. Eta jolasaren parte inportantea izan da bat-batean nire herriari bilatzen hastea istorioan ondo kokatzen ziren edo behar nituen tokiak.
Kutsu deskriptiboa dauka zure idazkerak. Irratiko lanaren eragina ote?
Bai, nahigabe egiten dut horrela. Deskriptiboa da, bai, ikusten den hori kontatzen dut, besteek ere ikus dezaten. Hori da irratian egiten duguna. Ikusten duzun hori kontatu zuk adierazi nahi dituzun xehetasun guztiekin, jendeak sentitzeko ikusten ari dela. Nahigabe egindako gauza izan da, baina iruditzen zait horrelako idazkera atera zaidala.
Liburua idatzi eta argitaratzerainoko ibilbidea berria izan da zuretzat. Harritu al zaitu zerbaitek prozesuan?
Pentsatzen nuen lan nagusiena idaztea bera izango zela, baina ohartu naiz zenbat lan dagoen behin idatzi ondoren. Testua bukatutakoan hainbat laguni eman nien irakurtzeko. Aurrena idazleekin-eta aritu izan diren irratiko lankideei eman nien; gero, Jon Ander De La Hoz lankide getariarrari, getariar batek irakur zezan; Xabier Alberdi historialariari, datu historikoak egoki daudela egiaztatu zezan; eta Gillen Usandizaga ertzain oriotar ezagunari, apur bat poliziaren lanean-eta arreta jar ze- din. Bakoitzak bere ikuspegitik ematen dizu iritzia, eta gero datoz zuzenketak.
Horrez gain, niri gertatu zait ez naizela gai lana irakurtzeko zuzenketarik egin gabe. Askotan irakurri dut, eta aldiro zerbait aldatu beharra izaten dut.
Oraingoz zer moduzko erantzuna jaso duzu?
Orain arte ez dute askok bukatu, oraintxe atera da eta. Baina, momentuz, irakurri dutenek esan didate gustatu zaiela. Dena den, badakit gustatu ez zaionak ez didala aurpegira garbi-garbi esango.
Gu bizi garen lekuan kokatuta dagoen istorio bat irakurtzen badugu, gehiago gustatzen zaigu. Ni saiatu naiz idazten zerbait gustura irakurriko duena Iruñeko, Bilboko edota Markinako jendeak. Gero, dudarik ez dago getariar batek diferente irakurriko duela.
Etorkizunerako beste asmorik ba al duzu?
Proiektu honetan nire buruarentzat idazten hasi nintzen, eta hau atera da azkenean. Beti galdetzen didate ea beste zerbait idatziko ote dudan, eta ez naiz ausartzen ez baietz, ez ezetz esaten. Ez dut ez nazkatuta, ez gogaituta, ez aspertuta bukatu. Ez dizut esango buruan zerbait daukadanik eta horretan hasi naizenik, baina prozesua gustatu zait.
Aurkezpena Getarian
Aurreko asteazkenean aurkeztu zuen liburua Iribarrek lehenengoz Donostiako Udal Liburutegian, eta herrian bertan, Getarian, aurkeztuko du bigarrenez etzi. 19:00etan izango da hitzordua, udaletxean.