"Trantsizio etikoa egiteko dago oraindik"

Aritz Mutiozabal 2025eko azaroaren 4a

Amnistiaren aldeko manifestazioetako bat. (Utzitakoa)

Franco hil ondoren, bide demokratikoetara gerturatzeko hainbat aldaketa izan ziren gizartean, baina egindako urratsak hankamotz geratu ziren, eta oraindik ere antzematen dira haien ajeak.

Diktadorearen heriotzaren ondoren, zuzenbide estatu bat eratzeko ahalegina etorri zen, "ustez eta formaz demokratikoa", Juanjo Alvarez juristaren esanetan. Legeak aldatzen eta berritzen ari baziren ere, instituzioek lehengo bide beretik jarraitzen zuten; hau da, armadatik, epailetzatik eta egitura polizialetatik. "Oraindik trantsizio batzuk ez dira egin; adibidez, trantsizio etikoa egiteko dago dimentsio juridiko-publikoan. Legeak sistemaren aurretik joan ziren, zeren sistemak hor jarraitzen zuen eta gaur egun ere Espainiako Estatuko hainbat egituratan hor jarraitzen du".

Hori gutxi ez, eta "txapelez aldatu aurretik", Espainiako Konstituzioa onartu zuten 1978an. "Alegia, 36ko gerraren eta diktaduraren aurretik errepublika geneukan. Baina aukera eman al zitzaigun zer sistema konstituzional nahi genuen erabakitzeko? Portugaldarrek eta italiarrek ere diktadura ankerrak pairatu zituzten, eta demokrazia ala errepublika nahi zuten bozkatu egin zuten aurrena; ondoren onartu zuten konstituzioa. Guri koroa barneratu ziguten galdetu ere egin gabe", argudiatu du Alvarezek.

Konstituzioaren gurasoak deiturikoek oinarrizko eskubideen eta askatasunen eszenatoki bat marraztu zuten, jurista zumaiarraren hitzetan, "errealitatetik nahikoa urrun" zegoena. "Uste dut bi prozesu paralelo egon zirela; bata, erabat normatiboa; eta bestea, instituzionala, non poliziak erreprimitzen eta zapaltzen jarraitzen zuen erregimenean bezalaxe".

Landak aditzera eman du batzuek "oso gustura" hartu zutela konstituzio berria, baina beste batzuek –berak barne– ez zutela "inolaz ere" onartu. Izan ere, hark dioenez, trantsizio hori faltsua zen, "ondoren baieztatu den moduan".

Amnistiaren Legea

Konstituzioa onartu aurretik, 1977ko urriaren 15ean, Amnistiaren Legea promulgatu zuten. Urtebete lehenago, 1976ko uztailean, errege dekretu bidez, preso politiko eta sozial ugari utzi zituzten aske. Amnistiaren Legeak 1976ko abenduaren 15a baino lehen egindako ekintza politikoak, matxinadak, sedizio ekintzak eta laguntza ukatzeak barkatu zituen, Espainiako trantsizioa sendotzeko asmotan. Guztira, 89 preso politiko askatu zituzten, mugimendu armatuetako eta anarkistetako kideak; tartean, ETAko 23 militante.

Legeak, ordea, bazuen bere ifrentzua. Izan ere, 36ko gerrako eta frankismoko bidegabekeriak, sarraskiak, torturak eta hilketak barkatu zituen, gizateriaren aurkako krimenak epaiketetatik salbu utzita. "Demokraziarekiko benetako konpromiso falta erakutsi zuen Ammistiaren Legeak", esan du irmo Alvarezek. "Nolabait ere, zera izan zen: 'Ez ezazue begiratu iraganera eta aztertu demokratikoki zer-nolako basakeriak egin diren'. Guztia reseteatu eta borratu beharra zegoen; amnesia kolektiboa eragin, alegia. Beste gerra bat sor zitekeen mehatxuarekin beldurtzen zuten jendea".

Franco hil baldin bazen ere, oraindik ere une gogorrak izan zirela gogoan du juristak: "Ez zen batere erraza aurrera egitea, 40 urtez iraun zuen erregimen baten errepresioa zeure baitan zeneukanean". Prozesu hark edozein momentutan "porrot egin" zezakeen eta gaur egungo "demokrazia inperferktura" iristeko urratsak eten zitezkeen. Hala esan du: "Behintzat, oinarrizko eskubideak lortu ditugu, sistemak dituen akats guztiekin".

1977an Espainiako Kongresurako eta Senaturako haustekundeak izan ziren, eta 1979an, frankismo osteko lehen udal haustekundeak. "Horietan garbi geratu zen alderdi nazionalistak sekulako indarra zeukala, eta egun bezala, Euskal Herri osoan ezkerreko alderdiak zatituta geratu zirela", zehaztu du Landak. Hori bai, ekintza aldarrikatzaileetan ezkerreko alderdi guztiek bat egiten zuten, eta pankarta bakoitzaren azpian sekulako sigla zopa joaten zen idatzita.

Bihar frankismo garaiko hezkuntzari eta erlijio joerei lotutako erreportajea kaleratuko du Gukak, Frankismoa: orbainaren mintzoa seriearen barruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide