Euskal usadioak berreskuratzeko ahaleginean, gero eta gehiago dira urriaren 31n, Santu Guztien bezperan, Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzen duten herriak, baita Urola Kostan ere.
Gutxienez bailarako hamar herri edo auzotan izango dira ospakizunak gaur: Aian, Aizarnazabalen, Azpeitian, Beizaman, Orion, Zarautzen, Zestoako herrigunean, Aizarnan, Arroabean eta Zumaian. Horietako batzuetan urteak daramatzate urriko azken egunean ekitaldiak antolatzen; beste batzuetan, lehenbizikoz antolatu dituzte.
Azpeitian, esaterako, dozena bat gurasoz osatutako taldea aritu da estreinakoz ospakizuna prestatzen. Egitasmoaren sustatzaileek esan dutenez, Euskal Herrian antzinako erritual ugari mantentzen diren arren, asko galdu egin dira azken urteetan. Horiek berreskuratzeko nahiak nahiz "euskal tradizioan, historian eta hizkuntzan" oinarritutako Arimen Gaua ospatzeko gogoak elkartu ditu guraso horiek, aurkezpenean azaldutakoaren arabera.
Antzera gertatu da Zumaian ere. Bi ikastetxeetako –Zumaienako eta Herri Eskolako– guraso elkarteek lanean jardun dute azken asteotan gaur egingo duten kalejira prestatzeko. Haur eta gazteei bertako kultura, ohiturak, hizkuntza eta historia azaltzeko aitzakia izatea nahi dute, batetik; eta Euskal Herrira bizitzera etorri direnei bertakoa ezagutzeko, bizitzeko eta maitatzeko aukera ematea ere bai, bestetik.
Hona hemen herriz herri antolatu duten egitaraua:
Aia
- 17:00. Jolasak eta txokolate jana, frontoian.
- 18:30. Kalejira zaratatsua, herriko kaleetan zehar.
- 20:00. Beldurrezko etxea, eskola zaharrean.
Aizarnazabal
- 16:30. Txokolate jana, mozorroak prestatzea eta aurpegiak pintatzea.
- 18:00. Gau Beltzeko ibilbidea egingo dute LHko haurrek, eta eskulan tailerra HHko haurrek. Ondoren, beldurren erretzea eta gaztaina jana.
Azpeitia
- 19:00. Mozorrotuta eta kalabazak eskuan kalejira, plazatik hasita, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariekin. Bidean, gaztaina jana eta ipuin kontaketa. Plazara itzultzean, Itsasiko kideekin dantza herrikoia egingo dute eta beldurrak sutara botatzeko saioa. Segidan, lurrari atseden emateko ipuin antzeztua egingo dute.
Beizama
- 19:00. Umeentzako ginkana.
- 20:00. Poteoa.
- 21:00. Afaria herriko ostatuan.
Orio
- 18:00. Zomorro eta arimen herri kalejira, Baxoalden hasita. Geldialdiak egingo dituzte Andra Mariko zabalgunean eta Herriko Plazan, eta Harribil dantza taldeko dantzariek lagunduta, herritarrek aukera izango dute arin-arina eta fandangoa dantzatzeko. Ondoren, HHko eta LHko ikasleentzako tailerrak izango dira plazan, ikastetxeek gidatuta.
- 19:30. Txurrumuskik beldurrezko ibilbidea eskainiko die LH 3. mailatik hasi eta DBH 4. mailara bitarteko gaztetxoei. Ibilbidea talde txikietan egingo dute haurrek, plazatik abiatuta eta txandaka. Txandak plazan bertan antolatuko dituzte.
Zarautz
- 19:00. Kalejira Santa Klaratik abiatuta, Jalgi dantza taldearen eskutik.
- 00:30. Santa Klara komentuan beldurrezko ibilbidea, LH5. mailatik DBH4. mailara bitartekoentzat eta 16 urtetik gorakoentzat. Izen ematea itxita.
Zestoa
- 17:00-18:00. Gau Beltzeko eskulanak, Barbantxon, LH1 eta LH2 mailetako ikasleekin.
- 17:00. Aurpegi margoketa, kiroldegiko aterpean.
- 18:30. Kalejira isila kandelekin, hilerritik hasita. Ondoren, arkupeetan bideo emanaldia eta abestiak, eta gaztaina erreak plazan.
- Aizarna
- 17:00. Mozorro eta kalabaza prestaketak, Barbantxo eta Ahurraren eskutik, ludotekan.
- 18:00. Photocall-a eta jolasak musikariz alaituta, Frontoian.
- 19:00. Mokadutxoa herritarrentzat, Aitzbarna elkartean. Ondoren, arimen bidearen argitzea, herrian zehar, ilunpean.
- Arroabea
- 17:00. Txepetxa.
- 18:00. Bizkotxo lehiaketako bizkotxoak jasotzea, Elkargunean.
- 18:15. Ibilaldia antortxekin. Amaieran Arimen Gaueko dantza, frontoian.
- 18:45. Bizkotxo lehiaketa, txokolatada eta photocall-a, frontoian.
- 19:15. Gozo-eltzea Txomin tabernaren eskutik.
- Aizarna
Zumaia
- 18:30. Aurpegi margoketa, bi ikastetxeetako DBHko eta Batxilergoko ikasleen eskutik, udaletxearen aurrean.
- 19:30. Arritokieta kaletik abiatuta, Alde Zaharrean barrena kalejira. Ibilbidean zehar: bertsolariak, adar jotzaileak, antzerkia, musika, dantza eta gehiago.