Gau Beltza eta Azaroaren 1a

Urola Kostako oroitzapenen txoko berezienak

Erredakzioa 2025ko urr. 31a, 10:00

Gero eta gehiago dira norbait hiltzen denean hura errausteko erabakia hartzen dutenak, baina badira oraindik ere hildakoak lurperatzen dituztenak. Gehiago ala gutxiago, gure paisaiaren parte dira hilerriak, eta eskualdeko herri guztietan daude. Hori bai, oso ezberdinak dira bata bestearen artean. Hona hemen arreta pizten duten zenbait oroitzapenen txoko berezi. Gukak azaroaren 1a dela-eta kaleratu duen egunkari bereziko edukia da honako hau.

Errezil, umorez

Aski kontu ezagunak dira errezildarrek euskara jatorrean hitz egiten dutela, gidatzea asko gustatzen zaiela eta ateraldi onak dituztela. Baina umore hori bizitzatik haratago eraman dute, eta hilerriaren sarreran ikus daitezke horren zantzuak. Izan ere, ate gainean jarrita dagoen esaldiak honako hau dio: "Laister esango dute zuretzat, orain esaten dutena neretzat: il zan". Hilerrira joatea asko kostatzen zaien horiei ere, irribarre txiki bat ateratzeko modukoa.

Aia, 360 gradukoa

Muino txiki batean kokatzen da Aiako hilerria, eta merezi du aldapatxoa igotzea. Izan ere, hara joaten denak Aiako udalerria, inguruko mendiak, Pagoetako parkea eta Donostiako kostaldea izango ditu begien bistan. 360 gradutako ikuspegi ederra eskaintzen du hilerri txikiak, eta hari itzulia emanez gero, pasiera borobila osa daiteke, paisaiaz lasaiago gozatu nahi izanez gero.

Aizarnazabalen, paretetan

Hil aurretik, ohikoa izaten da norberak non, noiz eta nola lurperatzea nahi duen ingurukoekin zehaztasunez hitz egitea, baina Aizarnazabalen ezin dute hizketaldi hori izan. Izan ere, hango hilerri txikira sartzea nahikoa da detaile txiki batekin ohartzeko: lurperatutako hilobirik ez dago. Hori bai, ikuspegi ederraz goza dezakete hara joaten direnek, inguru berde-berdean kokatzen da-eta hilerria.

Zestoa, etxetik gertuena

Hilerri gehienak herriguneetatik aparte kokatu ohi dira, baina hori ez da Zestoakoaren kasua. Zestoa errepidez gurutzatzen duen edonork ikusiko ditu autotik jaitsi gabe hilerriaren zantzu diren gurutzeak. Herrigunetik gertu-gertu dago Zestoako hildakoen txokoa, etxean daudenek falta direnak bertan senti ditzaten.

Getaria, artea eta paisaia

Esan beharrik ez dago Getaria kostaldeko herrien artean politenetakoa dela, eta haren hilerriaren kokalekua ere halakoxea da, zoragarria. Benito Lertxundik kantatuak gogoratu daitezke hilerria bisitatzean: "Azken arnasa eman nahi nuke itsasoari begira". Ikuspegi ederra da Getariako hilerriaren ezaugarri behinenetako bat, baina bada hura bisitatuz gero atentzioa pizten duen beste kontu bat ere: arteak presentzia nabarmena du han. Ainara Aspiazuren horma irudi koloretsu bat dago hilerriaren txoko batean, Uxue Alberdiren testu honek lagunduta: "Izenik gabeko hezurrak, iraganaren beroa. Hautsa konpainia isila da itsasoaren aurrean".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide