Zarautzen asteazkenean izan zen hilketa matxista salatzeko protesta ugari deitu dituzte gaur arratsalderako eskualdean. Hilketa jazo den udalerrian egingo dituztenak izango dira nagusienak, han bi mobilizazio deituta baitaude: batetik, udalak deituta, 19:00etan elkarretaratzea egingo dute Lege Zaharraren Enparantzan, eta bestetik, Zarauzko hainbat eragilek —tartean Zarauzko Mugimendu Feministak eta Itaiak— deituta, manifestazioa egingo dute elkarretaratze horren ondoren, 19:15ean, udaletxearen aurretik hasita, Erailketa matxistarik ez lelopean. Zumaiako eta Orioko mugimendu feministak ere kalera aterako dira hilketa salatzera, eta Zarauzko manifestaziora batzeko deia egin dute haiek.
Zarautzen ez ezik, ordea, protestak izango dira gaur eskualdean: Aian, esaterako, hango Emakume Taldeak deituta elkarretaratzea egingo dute 19:30ean, plazan. Urola Erdiko Itaiak, berriz, bailarako hiru herritan deitu ditu elkarretaratzeak: Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan, 19:00etan elkartuko dira plazetan Indarkeria matxistari aurre egin! lelopean.
Horrez gain, Azpeitiko Feministen Sareak beste elkarretaratze baterako deia egin du udalerri horretan: 18:30ean plazan elkartuko dira, Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean.
Gaitzespen "irmoak"
53 urteko emakume baten hilketa ikertzen ari da Ertzaintza Zarautzen, eta 47 urteko gizon bat atxilotu du, ustez hiltzailea delakoan. Gukak atzo eman zuen albiste horren berri, eta Zarauzko Udalak urgentziazko Bozeramaileen Batzordea egin zuten atzo arratsaldean bertan. Bilkuran adierazpen instituzionala aho batez onartu zuten, "emakumeen aurkako indarkeria matxistaren adierazpen guztiak" salatzeko. Izan ere, Xabier Txurruka alkateak jakinarazi zuenez, hilketa matxista izan da Zarauzko Itsasmendi auzoko etxebizitza batean herenegun jazotakoa.
Zarauzko Udalak hilketa matxista izan zela baieztatu ondoren, erakundeek gertaera gaitzesteko adierazpenak kaleratu dituzte azken orduetan. Zarauzuko Udalak urgentziazko Bozeramaileen Batzordea egin zuen arratsaldean, eta bilkuran adierazpen instituzionala aho batez onartu zuten. "Gaitzespenik gorenena" egiteaz gain, "sumindura sakona" sentitzen duela esan zuen udalak. Emakumeek jasaten dituzten indarkeria matxista guztiak salatu zituzten udal ordezkariek, eta aldi berean, herritarrei gogorarazi zieten "gizartean oraindik nagusi diren emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren" adierazle direla halako kasuak eta udala horien aurka dagoela. Gainera, herritarrei indarkeriaren aurkako borrokan modu aktiboan jokatzeko deia egin zieten.
Azkoitiko eta Azpeitiko udalek ere "irmo" gaitzetsi dute hilketa publiko egin duten ohar banatan, eta batak zein besteak elkartasuna adierazi diete biktimaren senideei eta gertukoei. Azpeitiko Udalak Azpeitiko Sare Feministak deitu duen elkarretaratzearekin bat egin du erakundeak, eta Azkoitikoak bat egin du herrian antolatzen diren mobilizazioekin. Horietan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei.
Azkoitiko Udalaren arabera, "tragedia" horrek, beste behin, erakusten du "gizarte osoak" duela erantzukizuna "berdintasuna eraginkor" egiteko, eta azpimarratu du hilketek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko "desberdintasunean" sortzen eta sostengatzen baita. "Emakumeenganako indarkeria era guztietan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina", azpimarratu du.
Azpeitiko Udalak ere esan du emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazo bat" dela, "emakumeak kontrolpean eta mendean" izan nahi dituena. "Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larrien eta tamalgarrien sortzaile. Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea", erantsi du udalak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere hilketa matxista gaitzetsi du. Eider Mendoza diputatu nagusiak "bere samin eta gaitzespen sakona" adierazi ditu. Hark adierazi du "dolu eguna" dela, eta ahotsa altxatu behar dela, "inoiz baino ozenago", emakumeen aurkako indarkeriak gizartean eta munduan lekurik ez duela berresteko. "Ez gara geldituko erabat desagerrarazi arte", esan du.
Emakundek ere gaitzetsi egin du Zarauzko hilketa matxista, eta elkartasuna eta laguntza eskaini dizkie hildako emakumearen familiari nahiz gertukoei. Halako kasuetan martxan jarri ohi duen protokoloa martxan jarri duela jakinarazi du Emakundek, eta erakundeko kideek biharko kontzentrazioan parte hartuko dutela adierazi du. Emakundek gogoratu du emakumeen kontrako indarkeria matxista menpekotasunaren eta emakumeen nahiz gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri "latzena eta gogorrena" dela, eta herritarrei ere gertatutakoa gaitzesteko deia egi die. Izan ere, esan du emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko ezinbestekoa dela herritarrek jarrera aktiboa izatea.
Eudelek ere ildo beretik hitz egin du, eta adierazi du gertatutakoak erakundeek nahiz euskal gizarte osoak duela erantzukizuna. Horri lotuta, sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu beharra dagoela adierazi du, batez ere, herritar gazteenei zuzenduta. Eudelek ere bat egin du Zarauzko Udalak gaurko deitu duen elkarretaratzearekin.