Statkraft enpresak Azpeitian, Errezilen eta Zestoan garatu nahi duen Piaspe proiektuari ingurumen baimena ukatu zion Eusko Jaurlaritzak pasa den abuztuan, eta ebazpen horren ondorioz, Gipuzkoako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ez dio aldez aurreko administrazio baimena eman parke eolikoari. Enpresa norvegiarrak aukera du orain ebazpen berriari helegitea aurkezteko.
Gaur, osteguna, argitaratu dute ebazpena Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean, eta beraz, gaurtik hasita hilabeteko epea du Statkraft-ek errekurtsoa aurkezteko. Hain zuzen, enpresa horretako arduradunek abuztuan adierazi zuten helegitearen bidea aztertuko zutela.
Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak abuztuan ebatzi zuen Piaspe "bideraezina" dela ingurumen ikuspegiari dagokionez, ez baititu betetzen ingurumen babeserako ezinbestekoak diren hainbat baldintza. Zehaztu zuen eolikoak jarri asmo zituzten eremuko hegaztiek –93 hegazti espezie atzeman zituzten inguru horretan, eta horietatik 25 babes bereziko hegaztien katalogoan sartuta daude– parkeko azpiegituren kontra talka egiteko "arrisku handia" izango luketela; horregatik, "kaltegarritzat" jo zuten Piaspe proiektua.
Ohar bateratu batean, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo udalek ontzat eman zuten Eusko Jaurlaritzaren ebazpena, eta adierazi zuten energia trantsizioaren aldeko konpromiso irmoa mantenduko dutela, betiere ingurumenaren babesa, tokiko onurak eta herritarren parte hartzea uztartuko dituzten proposamenekin.