Palestinako genozidioa salatzeko, lanuztera eta protestara deitu dute biharko

Julene Frantzesena 2025ko urr. 14a, 09:04

Palestinako bandera Azpeitiko Sanjuandegi auzoko biribilgunean.

Palestinari babesa agertzeko lanuztera eta grebara deitu dute sindikatuek biharko, eta protestarako hainbat hitzordu zehaztu dituzte; Urola Kostan ere egin dituzte deialdiak. Zestoan goizean egingo dute kontzentrazioa, ELAk Azpeitian eta Zarautzen egingo ditu elkarretaratzeak eguerdian, Elkar-ekinek Azpeitian deitu du kontzentrazioa eta Gernika Palestina herri ekimenak herriz herri egingo ditu bilkurak iluntzean.

Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta palestinar herriari babesa emateko lanuztera eta mobilizatzera deitu dute Euskal Herriko sindikatuek eta eragileek biharko. Askotariko deialdiak egin dituzte han eta hemen, eta Urola Kostan ere izango dira protestarako hitzorduak.

Gazako genozidioa salatzeko ez ezik, erakunde publikoei zein enpresei Israelekin dituzten harreman komertzialak etetea eskatzeko "lanuzte orokorra" deitu dute Hego Euskal Herriko zortzi sindikatuk –LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru–. Lanuzteak hiru txandatan antolatu dituzte: 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 14:00etara zein 17:00etatik 20:00etara. Gainera, 12:30erako manifestazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

ELAk bere kasa egin du mobilizaziorako deia, zortzi sindikatu horiek Espainian UGTk eta CCOOk egun eta ordu berberetarako antolatutako lanuzteekin bat egin dutelako. ELAren aburuz, Euskal Herriko sindikatuek mezu propioa helarazi behar dute. Ondorioz, lau orduko lanuztera deitu du ELAk, eta egun osorako hezkuntzan nahiz mendeko sektoreetan. 11:30ean Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo ditu protestak sindikatu horrek, eta eskualdez eskualde ere egin ditu deialdiak: Azpeitian plazan, 12:00etan egingo dute elkarretaratzea, baita Zarauzko Lege Zaharraren Enparantzan ere.

Eragileen hitzorduak

Gainera, Gernika-Palestina herri ekimenak 19:30erako jarri ditu hitzorduak herrietako plazetan, udaletxeen atarietan. Burrunbarako deia egin du eragile horrek, eta beraz, herritarrei zarata ateratzeko deia egin die. Herri ekimenarekin bat eginez, eskualdeko hainbat herritan egin dituzte deialdiak, hala nola Azkoitian, Azpeitian, Zestoan, Zumaian, Getarian, Zarautzen eta Orion. Halaber, Elkar-ekin taldeak kontzentrazioa deitu du 11:30erako, Sanjuandegiko biribilgunean. Zestoan, berriz, 11:00etarako deitu dute elkarretaratzea, udaletxearen aurrean.

Herriz herri, hainbat dira sindikatuen lanuzte eta greba deialdiekin bat egin duten norbanakoak. Ondorioz, bihar hainbat lantegitan, zerbitzu publikotan –udal eraikinetan, Osakidetzaren zentroetan, garraio publikoan eta abar– nahiz hezkuntza zentrotan geldialdiak egin nahiz gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

Bestalde, Palestinarekin Elkartasunak Donostian deitu du mobilizazioa, eta protesta horretara batzeko deia egin dute hura osatzen duten plataformek. 18:00etan egingo dute protesta, Pio XII plazan, Israelen konplizeak seinalatu. Palestinaren alde, dena gelditu dezagun lelopean. Deitzaileek azaldu dutenez, Palestinaren erabateko deskolonizazioaren alde eta Israelgo entitate genozidaren kontra mobilizatuko dira, "kolonizazioaren kontrako borroka ez baita bukatu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide