Urola Kostako EAJk "arduragabekeria" egotzi die EH Bilduri eta UKUEko presidenteari turismoaren arloan

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 11a, 10:00

Pertsona bat belaontzian Zumaia inguruan. (Juan Luis Romatet)

Alderdi jeltzaleak prentsa ohar bidez salatu du Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) turismo teknikari bat kontratatzeko 50.000 euroko dirulaguntza galdu duela, eta "azalpen argiak" emateko eskatu die Ion Arozena UKUEko presidenteari eta haren alderdiari, EH Bilduri.

Urola Kostako EAJk prentsa oharra argitaratu du Urola Kostako Udal Elkarteko (UKUE) Ion Arozena EH Bilduko presidentearen erabaki batzuk kritikatzeko. Zehazki, EAJk esan du turismo teknikari bat kontratatzeko orduan "irizpidea aldatu izanak" 50.000 euroko dirulaguntza galtzea eragin duela: "Maiatzean Kosta Berdea marka aurkeztu zuenean, Arozenak esan zuen "lehen urratsa" izango zela turismo teknikari bat kontratatzea, baina orain erabaki du kontratazio hori bertan behera uztea. Aldebakarreko erabaki horrek kontraesan argia dakar, eta, gainera, ondorio larri bat: Gipuzkoako Foru Aldundiak helburu horretarako esleitutako 50.000 euroko dirulaguntza galtzea".

EAJren ustez erabaki horrek argi uzten du EH Bilduk eta UKUEko presidenteak ezin dutela "serio" arduratu "eskualdeko sektore estrategiko batez", eta turismo teknikariaren kontratazioari uko egiteak "proiektu bateratuak gelditzea ekarri" duela, baita "Kosta Berdea markaren edukia ahultzea eta Urola Kostako Udal Elkartearen sinesgarritasuna kolokan jartzea" ere.

Horregatik, EAJk "azalpen argiak" emateko eskatu die Arozenari eta EH Bilduri, eta "konpromiso irmoa hartzera" deitu dituzte, "horrelako akats larririk berriro ez errepikatzeko".

Turismoaren garrantzia eta beste eredu batzuk

Gipuzkoako beste eskualde batzuetako jardunarekin alderaketak ere egin ditu EAJk: "Tolosaldean, aurreko agintaldian egindako lanaren ondorioz, bertako zortzi herrik 1.900.000 euro jaso dituzte Next Generation funtsen bidez turismoa sustatzeko, Tolosaldea Garatzenen bitartez". Hori turismo teknikari baten lanari eta eskualde ikuspegiari esker egin dela azpimarratu dute, eta proiektu sendoak garatzen ari direla iritzi diote: "Hori da Urola Kostan falta dena: ikuspegi bateratua eta kudeaketa eraginkorra", nabarmendu dute.

Azkenik, alderdi jeltzaleak gogorarazi du turismoa "motor ekonomiko eta sozial garrantzitsua" dela Urola Kostarentzat, eta ezin dela egon "aukerak alferrik galtzen" dituztenen eta "dirulaguntzak galdu eta herritarren konfiantza zapuzten" dutenen esku.  "Eskualdeak kudeaketa zorrotza eta arduratsua behar du, ez hitz hutsak, ezta etorkizuna arriskuan jartzen duten kontraesanak ere. Argi dugu: EH Bildu agintean dagoen bitartean, Urola Kostak aukera eta baliabideak galtzen jarraituko du".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide