Israeli boikota egitea eskatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizatu dira ikasleak

Aitziber Arzallus 2025ko urr. 2a, 13:45

Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israelgo Estatuari boikota egiteko eskatzeko gaurko Ikasle Abertzaleek egindako mobilizatzeko deialdiarekin bat egin dute eskualdeko dozenaka ikaslek. Elkarretaratzea egin dute eguerdian Azkoitia BHI ikastetxearen atarian, manifestazioa Azpeitiko plazatik abiatuta eta elkarretaratzea Zarauzko Lizardi institutuaren atarian.

Ikasle Abertzaleek deituta, Israelgo Estatuari boikota egitea eskatzeko eta Palestinaren erresistentziaren alde egiteko greba eguna dute gaur Euskal Herriko hezkuntza sisteman. Deialdiarekin bat eginda, hainbat ikasle elkartu dira Azkoitia BHI ikastetxearen atarian, Azpeitiko plazan zein Zarauzko Lizardi institutuaren atarian. 

Mobilizazioetan parte hartu duten ikasleek Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatu dute, baita Gazara bidea egiten saiatu den Global Sumud flotilla babestu ere; izan ere, bart Israelgo militarrek ontzidia blokeatu eta bertako kideak atxilotu dituzte. 

Israelen arkako "boikota bultzatzea" ezinbestekoa da Ikasle Abertzaleentzat, adierazi baitute genozidioa salatzea bakarrik ez dela "nahikoa". Hori hala, genozidioaren "konplize" direnen zerrenda bat irakurri dute; izenen artean, besteak beste, CAF, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta EHU nabarmendu dituzte.

Donald Trump AEBetako presidentearen planean ere ez dute sinisten Ikasle Abertzaleek. "Trumpen plana ez da soluzio bat, okupazioa da, eta PSOE nahiz plan hori babesten ari diren guztien hipokrisia seinalatzeko irten gara kalera gaur. Bi estatuen aterabidea iruzurra da, eta Israelen suntsitzea ezinbestekoa", adierazi dute.

Palestinako egoera "larria" da Ikasle Abertzaleen ustez, eta mundu osoan egiten ari diren moduan, kaleak "hartzera" deitu dituzte herritarrak, guztien artean palestinar erresistentzia babesteko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide