Palestinarekin Elkartasuna plataformak elkarretaratzeak deitu ditu gaurko Euskal Herriko herri guztietan, Israelek Gazara heltzear den Global Sumud flotillaren erdia, hogei bat ontzi, atzeman eta gero. 19:00etan izango dira mobilizazio guztiak, udaletxe aurretan.
Hain zuzen, Gazara laguntza humanitarioa eramateko eta hara korridore humanitarioa irekitzeko asmoz ontzietan zihoazen 200 bat ekintzaile atxilotu dituzte Israelgo militarrek Euskal Herrian gauerdia zenean. Guztira, 530 ekintzaile zeuden flotillan –tartean lau euskal herritar–.
"Erasoa" salatzeko, plataforma horrek manifestazioak eta elkarretaratzeak deitu ditu gaur arratsalderako herriz herri. Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere mobilizazioak izango dira gaur.