Mendietan zentral eolikorik ez dutela nahi aldarrikatuko dute igandean Zelatunen

Julene Frantzesena 2025ko ira. 25a, 08:07

Iazko irailean, hainbat lagun elkartu ziren Zelatunen, zentral eolikoen kontrako elkarretaratzean. (Ihintza Elustondo)

Hernioren magalean irailean egiten dituzten erromerietan azkena izango da igandean, eta hitzordu hori baliatuko dute Amasamendi Bizirik, Sañu Bizirik eta Errezil Bizirik taldeek mendietan zentral eolikorik ez dutela nahi aldarrikatzeko. 13:00etarako jarri dute hitzordua, eta adierazi dute, Sañoa babestea lortu badute ere, borrokari berriro heltzeko unea dela, "ezinegona sortzen jarraitzen dieten" hainbat arrazoi badirelako.

Mendietan zentral eolikorik ez! lelopean, elkarretaratzea deitu dute Amasamendi Bizirik, Sañu Bizirik eta Errezil Bizirik taldeek iganderako, Zelatunen. Hernioren magalean egingo dute kontzentrazioa, Zelatungo aurtengo erromerietan azkena egingo duten egunean, 13:00etan, eta herritarrei hitzordura batzeko deia egin diete.

Talde horiek ohar bidez gogorarazi dute aste honetan bertan argitaratu dutela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Statkraft enpresak Sañoa mendian gauzatu nahi zuen Piaspe proiektu eolikoaren ingurumen inpaktuaren kontrako adierazpena –Eusko Jaurlaritzak abuztuan ukatu zion ingurumen baimena Piaspe parke eolikoaren proiektuari–. Taldeek esan dute antolatzeak "bere fruituak" eman dituela; izan ere, haien hitzetan, Statkraftek udalekin batera "inposatu" nahi zuen proiektua atzera botatzea lortu dute denen artean.

Sañoa babestea lortu badute ere, garaipena ospatzeko ez ezik, borrokari berriro heltzeko unea ere badela uste dute. Izan ere, ez daudela lasai esan dute, bai baitauzkate "ezinegona sortzen jarraitzen dieten" hainbat arrazoi. Taldeen aburuz, enpresek, beren mozkinak handitzeko, "herritarrena den lurra bereganatzeko intentzioarekin" jarraitzen dutela esan dute: "Azpeitian, Errezilen eta Zestoan Statkraft hitz politekin eta promesa handiz beteta instituzioen eskuetatik helduta azaldu zen bezalaxe, Premier Group, KGAL Alemaniako inbertsio funtsarekin hornituta eta berriz ere instituzioen laguntzarekin iritsi da Amasa-Villabonara".

Halaber, adierazi dute hori ez dela Euskal Herrian martxan jarri nahian dabiltzan proiektu bakarra. "Oletakoaz gain, zentral eoliko eta fotovoltaikoak kontuan hartuta, 200dik gora proiektuz ari gara hizketan. Gehitu horiei AHTa, goi tentsioko lindeak, subflubiala, golf zelaidun hotela, big data zentroak eta beste hainbat proiektu txikitzaile", zehaztu dute.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, "alderdi politiko gehienen adostasunarekin", behin-behineko onarpena eman dion Lurraldeko Plan Sektoriala (LPS) ere izan dute hizpide. Haien arabera, dirudienez, aurki jasoko du plan horrek behin betiko onespena. LPSa onartuta enpresek bailaretan eguzki plaken eta haize erroten proiektuak martxan jartzeko "erraztasunak" izango dituztela esan dute taldeetako ordezkariek. "Herritarren eta ingurumenaren babesa oinarrian izan beharko lukeen lurralde antolamendua izan ordez, multinazionalen esku egongo da, gure baliabide naturalekin beren poltsikoak betetzen jarrai dezaten", salatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide