Eskualdeko industria enpresei zuzenduta, trantsizio sozialari eta ekologikoari lotutako prestakuntza saioak antolatu ditu Iraurgi Berritzenek. Ikasiz dinamikaren barruan prestatu ditu bi saioak garapen agentziak, trantsizio horien inguruko sentsibilizazioa, hausnarketa eta ikaskuntza kolektiboa sustatzeko xedez.
Ezagutu Talcir proiektua: elkarrekin, talentu zirkularra aktibatzen izeneko saioa irailaren 23an, asteartez, egingo dute, 09:00etatik 11:00etara, Azkoitiko Intsausti jauregian. Egoera zaurgarrian dauden pertsonen talentua aktibatzea eta ekonomia zirkularra eta jasangarritasuna oinarri dituen Talcir proiektuaren emaitzen aurkezpena egingo dute. Saiora joaten direnek aukera izango dute, beraz, proiektu horren emaitzez berri jasotzeaz gain, enplegu inklusiboaren aldeko bideak identifikatzeko, erakundeen nahiz enpresen arteko lankidetza aukerak lantzeko eta gizarteratze, enplegu nahiz jasangarritasun politikak uztartzen dituzten estrategiak ulertzeko.
Bigarren saioa, Prestatu klima aldaketari aurre egiteko: lege gakoak eta estrategikoak izenburuduna, irailaren 24an, asteazkenean, egingo dute, 09:00etatik 11:00etara, online. Saio horren helburua da industria enpresei energia trantsizioaren eta klima aldaketaren aurkako lege esparrua eta estrategia nagusiak ezagutzen laguntzea, arrikuak murritzeko eta lehiakortasuna sendotzeko. Hain zuzen ere, saioko parte hartzaileek lege nagusiak eta dekretuak ulertu ahal izango dituzte, baita klima estrategien helburuak argitu eta energia trantsizioaren erronka nagusiak identifikatu ere.
Izena emateko epea, zabalik
Dagoeneko zabalik dago bi saioetarako izen ematea. Iraurgi Berritzenek azaldu duenez, saioetan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea, eta horretarako, formularioak bete beharko dituzte idustria enpresetako ordezkariek: trantsizio sozialari buruzko saiorako izena honako lotura honetan eman daiteke, eta honako honetan, berriz, trantsizio ekologikoari buruzkorako.
Saioei buruzko informazio gehiago behar duenak, bestalde, honako lotura honetan eskura dezake. Halaber, etorkizuneko trebakuntza saioei buruzko eta trantsizioei lotutako proiektuetan izena emateko aukera ere badute lotura horretan. Iraurgi Berritzen bultzatzen ari den trantsizio ekologikoari, sozialari nahiz teknologiko-digitalari buruzko egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiak nahiz Azpeitiko zein Azkoitiko udalek finantzatzen dituzte.