Senideek Txikiren eta Otaegiren memoria aldarrikatu eta haientzako aitortza eskatu dute

Aritz Mutiozabal 2025ko ira. 10a, 18:00

Txiki eta Otaegiren senideak eta Sortuko kide Lur Albizu, gaur arratsaldeko agerraldian, Zarauzko Torreoian. (Intza Trula)

Francoren erregimenak fusilatu zituen bi lagunen senideek Sortuko ordezkariekin batera agerraldia egin dute gaur Zarauzko Torreoian, haien hilketaren 50. urteurrenaren bezperetan. Sortuk ekitaldia egingo du hilaren 27an, Iruñean; duela 50 urte egun horretan hil zituzten bi etakideak.

"Diktadura frankistaren eta injustizien aurka eta Euskal Herri hobe baten alde egin zuten bi gazte idealista ziren". Anjel Otaegiren eta Jon Paredes Txiki-ren fusilamenduen 50. urteurrenaren bezperetan, memoria transmisioa eta aitortza eskatzeko agerraldia egin dute haien senideek gaur arratsaldean, Sortuko kideekin batera, Zarauzko Torreoian. Txikiren iloba Anie Paredesek eta Otaegiren lehengusu baten alaba Irati Urtuzagak hartu dute hitza senideen izenean, eta zorrotz adierazi dute bi familiek "orbain gordin bana" dutela duela mende erditik, "bortizki fusilatuak" izan zirelako biak. "Hori, ordea, ez zen irailaren 27 hartan amaitu: bost hamarkadaz fusilamenduek eragindako sufrimenduaz gain, askotariko jazarpenak eta urte luzetako ahanztura jasan behar izan ditugu senideok", gogoratu du Paredesek.

Senideen bigarren belaunaldikoak izanda ere, haien oroimena presente dagoela azpimarratu dute. "Gu jaiotzeko ginen arren, guganaino iritsi dira Jon eta Anjel. Gure familiek, ahanztura horri aurre eginez, nortzuk ziren azaldu izan digute beti: nolakoak ziren, zein ziren haien ametsak, zeren alde egin zuten borroka... Eta transmisio horrek aurrera jarraituko du". Agerraldian, gainera, Txikiren anaia Mikel Paredesek eta Otaegiren lehengusu Mertxe Urtuzagak ere parte hartu dute. Halaber, haiek aditzera eman dute orbain eta memoria horiek "Azpeitiaren, Zarautzen eta Euskal Herriaren parte" ere badirela.

"Harrabotsa sortu du"

Urtuzagak ez ditu ahaztu nahi izan udako gertakariak: Txikiren eta Otaegiren oroimenezko herri ekimenak, baina baita haien aurkako ekintzak eta adierazpenak ere. "Harrabotsa sortu du gaiak, eta senideongan ere sentimendu eta oroitzapen ugari piztu dira. Pozak eta minak sentitu ditugu". Giro horretan, memoriaren eta aitortzaren aldeko aldarria egin du: "Ez dugu nahi Txiki eta Otaegi ahanzturan erortzerik".

Senideek, beste urte batez, Txiki eta Otaegi oroituko dituzte irailaren 27an: "Geure orbainekin eta memoriarekin aurrera egin nahi dugulako, baina, batez ere, inor ez baita hiltzen ahazten ez badugu". Fusilamenduen urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatzen ari dira Azpeitian eta Zarautzen, eta, aurten, Gudari Egunean bertan, Sortuk ekitaldia egingo du Iruñeko Anaitasuna frontoian, 17:30ean hasita. 

"Orbainak osatzeko beharrezkoa da aitortza, baina ez aitortza herritarra bakarrik, baita aitortza instituzionala, erreparazioa eta justizia ere", azpimarratu du Urtuzagak. Eusko Jaurlaritzak indarkeria politikoaren biktima gisa aitortu zituen Francoren erregimenak fusilatutako bi etakideak 2012an, eta urrats hori, berandu iritsi izanagatik, familiek esker onez jaso zutela azaldu du. Dena den, haren hitzetan, "oraindik bide luzea" dago egiteko, eta horretarako dei egin die erakundeei eta ordezkari politikoei.

Sorturen Nazio Kontseiluko kide Lur Albizuk nabarmendu du Euskal Herria itotzea zutela xede fusilamendu haiek eta ondorengo gertakariek: "Bi hilabete eskasera, berriro berretsi zen hori, Franco hil eta Juan Carlos I Borboikoa estatuburu izendatu zutenean, guztia lotuta, eta ondo lotuta uzteko xedez".

"Askatzera lotuak"

Zentzu horretan, jazoera horien orbainek "oraindik bizi-bizirik" irauten dutela azaldu du Sortuko ordezkariak, "gure herriaren nazio izaera eta autodeterminazio eskubidea ukatuz". Baina "borrokarako grina" ez dela eten ere gaineratu du: "Herri hau altxarazi eta itxaropena ekarri zuen belaunaldi haren askatasun egarria ere iritsi da guganaino. Euskal Herria askatzera lotu gara ordutik milaka herritar, eskuz esku herri hobe bat eraikitzeko ametsera batu". 

Era berean, azken asteotan Txikiren eta Otaegiren oroimenaren inguruan batzuek agertutako jarrera salatu du Albizuk: "Argi utzi dute beste behin lehen mailako eta bigarren mailako biktimak daudela". Sorturen iritziz, aitortzarako, erreparaziorako eta justiziarako garaia da, memoria osorakoa. "Frankismoari aurre egin zieten euskal herritar guztiek beharko lukete aitortza instituzionala".

Halaber, Albizuk zehaztu du, 50 urte geroago, "badela garaia behingoz ondo lotuta utzi zuten korapilo hura askatzeko, gure herriari dagozkion eskubideak aitortzeko". Gauzak horrela, Euskal Herria askatasunaren alde lanean ari diren "hainbat belaunaldi eta milaka lagun" Sortuk hilaren bukaeran Iruñean egingo duen nazio ekitaldira joatera deitu ditu; ekitaldirako ez da sarrerarik behar, ezta izenik eman behar ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide