Urtero bezala, iraila iristearekin bat zabaltzen dituzte herrietako emakumeen etxeek nahiz udalek emakumeentzako ikastaroak; batzuek Ahalduntze Eskolen barruan, eta besteek bestelako formatuetan. Urola Kostan, martxan da izen ematea herri gehienetan. Beste batzuetan, hurrengo egunetan emango dute informazioa. Orion, esaterako, etzi aurkeztuko dute hiruhileko programazioa, eta Azpeitian, berriz, datorren astelehenean.
Azkoitia
Emakumeak ahalduntzeko zazpi ikastaro antolatu ditu Azkoitiko Udalak udazkenerako, eta horietan parte hartzeko izen ematea ere zabaldu du. Honakoak dira ikastaroak: haurdunaldiko yoga ikastaroa; erditu ondorengo yoga ikastaroa; Hitz-ahalduntzen; xilografia; Berdintasun puntadak ematen; Gure behar emozionalak nola landu; eta Upcycling-Joskintza eraldatzailea. Informazio zehatza azkoitiaguka.eus webgunean topa daiteke, albiste honen online bertsioan. Ikastaro horiek "ezagutza berriak eskuratzeko, autonomia lantzeko, kezkak eta ondoezak partekatzeko", emakumeak beren "eskubideez jabetzeko" eta "beste emakume batzuekin sareak sortzeko" topaguneak direla azpimarratu du udalak.
Izena hilaren 29ra artean eman daiteke udaletxeko Arreta Zerbitzuan, hango izen-emate orria beteta, edo udalaren azkoitia.eus webgunean formularioa beteta. Soldatapekoek 20 euro ordainduko dute, eta ikasle, langabetu zein pentsiodunek, 15 euro. Informazio gehiagorako 943-54 20 14 telefono zenbakira deitu daiteke edo berdintasuna@azkoitia.eus helbide elektronikora mezua idatzi.
Errezil
Saiaz gizarte zerbitzuen mankomunitateak pilates ikastaroa antolatu du urriaren 6tik ekainaren 29ra bitartean. Astelehenetan 15:15etik 16:15era artean izango dira saioak Borondegin, eta mankomunitateak zehaztu duenez, ez da soilik emakumeentzat izango.
Nagore Errazkinek gidatuko du ikastaroa, eta hilero 20 euro ordaindu beharko da. Izena emateko epea zabalik dago irailaren 19ra bitartean. Izena emateko Whatsapp mezua bidali beharko da 646 47 84 14 telefono zenbakira edota mezua idatzi saiaz@saiaz.eus helbide elektronikora.
Getaria
Getarian ere ikastaro bat eskainiko du udalak udazken honetan, eta soilik emakumeentzat izango da: Sendabelarrak ezagutzen izenburupean, inguruan dituzten belarrekin ukenduak, olioak eta lozioak egiten irakastiko du Sara Letamendia adituak. 11 orduko ikastaroa izango da, eta urriko astelehenetan elkartuko dira Alondigan, 18:00etatik 20:00etara. Urriaren 25ean, larunbatarekin, goiz ibilaldia egingo dute sendabelarrak ezagutzeko.
Partaide kopurua mugatua izango da, eta izena emateko epea astelehenean zabalduko dute, hilaren 15ean, eta hilaren 26an itxi. Izena udaletxean bertan eman daiteke, edo mezua idatzita gizartekintza@getaria.eus helbidera.
Zarautz
Zarauzko Emakumeen Etxeak, berriz, urte amaierara arteko egitarauaren berri eman du. Askotariko ikastaro, hitzaldi nahiz tailerrak antolatu ditu, eta izena emateko epea zabalik dago, datorren astelehenera arte. Emakumeen Etxearen webgunean, 943-00 51 36 telefono zenbakira deituta edota emakumeen-etxea@zarautz.eus posta elektronikora idatzita eman daiteke izena. Antolatzaileek azaldu dutenez, toki mugatua egongo da ekintza bakoitzean, eta partaide kopurua gaindituz gero, zozketa egingo dute. Kontrara, gutxieneko parte hartzaile kopururik izan ezean, bertan behera utziko dituzte tailerrak.
Hitzaldiei dagokienez, Aingeruak eta neskameak: haurdunaldi subrogatua eta Matxosfera, maskulinizazioa eta eskuin muturra izenekoak eskainiko dituzte June Fernandezek eta Leire Padillak, hurrenez hurren. 18:30ean izango dira biak, euskaraz, irailaren 25ean eta abenduaren 10ean. Tailerrari dagokionez, hori emakume migratzaileei zuzendutakoa izango da; helburua izango da aipatutako kolektiboarentzat espazio seguru bat sortzea, talde bateko kide izatearen zentzua bilatzeko. Artearen bitartez, asmoa da bizipenekin eta migrazio prozesuarekin konektatzea. Irailaren 27an, urriaren 25ean eta azaroaren 22an izango dira saioak, 10:00etatik 13:00etara, Emakumeen Etxean, gaztelaniaz.
Ikastaroek, berriz, askotariko gaiak landuko dituzte, hala nola kirola, artea eta gaitasun sozialak. Egun bat baino gehiagoko tailerrak izango dira, batzuk euskaraz eta beste batzuk gaztelaniaz, eta ordutegia ere desberdina izango dute guztiek. Hain zuzen, eskalada, irakurle eskola feminista, idazketa, emozioen kudeaketa, jendearen aurrean hitz egiteko gaitasunak, elektrizitatea eta iturgintza, eta antzerki tailerrak dira eskainiko dituztenak. Eskaintza osoa zarautzguka.eus webguneko albiste honen online bertsioan ikus daiteke.
Zumaia
Zumaiarrek, azkenik, etxean jaso dute irailetik abendura bitartean Emakumeon Etxean izango diren jarduerak biltzen dituen liburuxka. Udazkenean hamabi jabetze eskola, zortzi elkargune, agenda zabala eta zenbait zerbitzu izango dira, eta Emakumeon Etxearen beraren urteurren festa ere bai. Izan ere, hil honetan lau urte beteko dira ateak ireki zituenetik.
Jabetze eskoletan parte hartzeko izena eman behar da aurrez, irailaren 17a baino lehen, Emakumeon Etxean bertan edo zumaiakoemakumeonetxea.eus webgunean. Eskaintza askotarikoa da: ikastaro luzeak, laburrak, iraunkorrak eta berriak izango dira, eta dinamizatzaileen hitzetan, adineko emakumeentzako eskaintzak izango du aurtengoan protagonismo berezia.
Aurreko ikasturteetako zazpi elkargune egonkortu dira, bestalde: xakea, korrika, pala, futbola, eskubaloia eta mendi irteerak, hain zuzen. Eta berri bat ere sortu da: xaboi komunitarioa, taldean xaboi ekologikoak modu onean egiteko espazioa. Gainerakoetan ez, baina azken horretan parte hartzeko izena eman behar dela jakinarazi dute.
Irailaren 26an ospatuko dute Emakumeon Etxearen laugarren urteurren festa, eta ordutik aurrera, ia astero izango da ekintzaren batean parte hartzeko aukera. Hitzaldiak, liburu aurkezpenak, solasaldiak nahiz bakarrizketak izango dira abendura artean.
Zenbait zerbitzu eskaintzen ere jarraituko dute: aholkularitza juridikoa eta arreta psikologikoa, besteak beste. Azaldu dute zerbitzu horiek lagungarriak izan daitezkeela emakume askorentzat. Eusko Jaurlaritzaren Berdindu zerbitzua jasotzeko aukera ere izango da, bestalde: LGTBI+ kolektiboari arreta emateko zerbitzua da hori. Programazioa osorik ikus daiteke zumaiaguka.eus atarian.