Ikasturte berriaren hasieratik, Lurraldebusek Aizarnazabal eta Zumaia lotzen dituen UK07 linea indartu du. Hala, autobus gehigarri bat izango du Aizarnazabaldik Zumaiara bidean abiatzen den goizeko 07:40etako zerbitzuak, Azahara Dominguez diputatuaren arabera, "Zumaiara ikastera joaten diren Aizarnazabalgo eta Oikia auzoko ikasleek asko eskatzen duten espedizioa" delako.
"Ikasturtearen hasieran linea horren erabiltzaileen kopurua handitu egin denez, linea hori indartzea erabaki dugu, inork ez dezan ibilgailu pribatura jo behar, ezta beste inoren mende egon behar ere ikastera joateko", adierazi du diputatuak.
Zentzu horretan, eskerrak luzatu dizkie Dominguezek Aizarnazabalgo alkate Mari Carmen Arregiri eta Zumaiako alkate Iñaki Ostolazari, "garraio publikoa hobetzen laguntzeko duten jarrera onagatik, herritarren beharrak helaraziz, eskaintzen den zerbitzua erabilgarria izan dadin".