Udako etenaren ondoren, pentsio duinen aldeko asteleheneroko elkarretaratzeei heldu diete berriro Azpeitiko nahiz Getariako pentsiodunen eta jubilatuen mugimenduan dabiltzanek. Ohi bezala, herri bakoitzeko plazan elkartu dira 12:00etan. Haserre agertu dira bi elkarretaratzean bildu direnak, izan ere pentsio txikiei osagarria emateko Eusko Legebiltzarrean sartutako herri ekinaldi legegilea atzera bota du Eusko Jaurlaritzak.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 145.142 lagunek sinatu zuten pentsio txikiei osagarria emateko eskaria. Sinadura horiek denak Eusko Legebiltzarrera eraman zituzten maiatzean, eta joan den asteartean, herri ekinaldi legegilea tramiterako onartzearen kontra azaldu zen Eusko Jaurlaritza. Erabaki hori kritikatu egin dute pentsiodunen mugimendukoek hil honetarako hainbat mobilizazio iragarriz, eta horietan lehengoak izan dira gaur Azpeitian nahiz Getarian egin dituzten elkarretaratzeak.
