Aldaketak izango dira tren zerbitzuan astelehenetik aurrera, tunel batean egin beharreko lanengatik

Juan Luis Romatet

Iñurritzako tren geralekua. (Guka)

Orioko Gainaren azpitik pasatzen den tunela indartzeko lanak egingo ditu Euskal Trenbide Sareak bihartik aurrera. Horregatik, Zarauzko San Pelaio eta Orio arteko zerbitzua autobus bidez egingo dute. 

Aiako lurretan aurkitzen den, eta Orioko Gainaren azpitik igarotzen den Zudugaraiko trenaren tunela indartzeko lanak abiatuko ditu bihar Euskal Trenbide Sareak. 740 metroko luzera duen tunelaren zati bat indartuko dute urriaren 4ra arte luzatuko diren lan horien bidez. Horrek eragina izango du Donostiako Amara eta Bilboko Matiko arteko trenean, zati bat autobusez egin beharko denez. 

Konkretuki, Zarauzko San Pelaio eta Aia-Orio geltokien arteko bidea egingo dute autobusez, tren zerbitzua bi geltoki horien artean etengo dutelako. Aurrekontua, autobus zerbitzua barne, milioi bat eurokoa dela iragarri du Euskal Trenbide Sareak, eta amaitze data egun bat aurreratu dutela, urriaren 5ean Elgoibarren egingo duten Kilometroak dela eta tren zerbitzu bereziak eskaini ahal izateko. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide