Munduko Surf Txapelketan arituko dira gaurtik aurrera eskualdeko surflariak

Juan Luis Romatet 2025ko ira. 6a, 12:00

Annette eta Janire Gonzalez Etxabarri surflariak. (Bat Basque Team)

El Salvadorren jokatuko dute txapelketa gaur hasi eta datorren asteburura bitartean. Eskualdeko hiru surflari arituko dira Espainiako selekzioarekin: Janire eta Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarrak, eta Nadia Erostarbe zarauztarra. 

Atzo egindako irekiera ekitaldiaren ostean, gaur hasiko dute lehia El Salvadorrek La Bocana eta El Sunzal hondartzetan jokatuko duten ISA World Surfing Games surf txapelketan. Erdialdeko Amerikako herrialde horrek hartu ditu aurrez ere surfeko munduko txapelketak azken urteotan, 2021ean eta 2023an, hain zuzen ere. 

Txapelketan lehiatuko den Espainiako selekzioak eramango dituen sei surflarietatik hiru Urola Kosta eskualdekoak dira. El Salvadorreko olatuen gainean arituko dira dantzan Nadia Erostarbe zarauztarra eta Janire eta Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarrak.

Janire Gonzalez Etxabarri izango da lehiatzen lehena, zortzigarren txandan. Nadia Erostarbe ondorengo txandan arituko da, bederatzigarrenean, eta 28.ean Annette Gonzalez Etxabarri. 

Gallo, Kalifornian

Aitor Frantzesena Gallo zarauztarrak, bere aldetik, Munduko Zirkuituko hurrengo hitzorduan arituko da, Kalifornian (Ameriketako Estatu Batuak). U.S. Open Adaptive Surfing Championshipsen arituko da bihartik aurrera, Oceanside Pierre izeneko eremuan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide