San Joan Txiki eguna ospatuta, iraileko erromeriei eman diete bidea Zelatunen

Andoni Elduaien 2025ko abu. 30a, 08:51

Goizean eguraldia triste egon bazen ere, soinu eta pandero hotsek argitu zuten Zelatungo San Joan Txiki eguna. Arratsaldean, berriz, eguzkipean aritu ziren Hernio magaleko bi borden atarietan bildutako erromeria zaleak eta dantzariak. 

Zabaldu dizkiete ateak iraileko erromeriei Zelatunen. Abuztuaren 29ro moduan, San Joan Txiki eguna ospatu zuten atzo, ostirala, han. Goizean, eguraldia triste antzera egon bazen ere, arratsaldean eguzkia gailendu zen Hernio mendiaren magalean, eta hara igotako lagunek gogotik ospatu zuten eguna. Erromerian ospatu zuten askok beren oporretako azken eguna; beste askok, berriz, iraileko erromeria denboraldiari ekin zion atzoko egunean. 

Agirretxeren eta Antonioren bordetan izan ziren trikitilariak, eta hori hala, atsedenerako tarte gutxi izan zuten erromeria zaleek atzo. Agirretxerenean Xabier eta Gorka Arandia trikitilariak aritu ziren soinua eta panderoa astintzen. Antoniorenean, berriz, Itzeder, Lidia eta Xabier. Azken horiei, gainera, inguruko zenbait gazte trikitilari batu zitzaizkien arratsalde bukaeran pieza batzuk jotzera. Dantza saio ederrak egin zituzten Zelatunen batutako erromeria zaleek, jendea iraileko iganderoko erromeriei ekiteko gogotsu dagoen seinale.

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide