Asier Albite: "Gure helburua ez da gehiegi haztea, disfrutatzen segi nahi dugu"

Maddi Txintxurreta-Urtzi Oteiza 2025ko uzt. 30a, 09:43

Ibañarrietan sortu zen Asier Albite (1997), baina Zumaian egin du bizitza. Bi urte dira Maddi Mendibilekin batera Albara ganadutegia martxan jarri zuela, Endoia auzoan.

Zer da Albara ganadutegia?

Albara ganadutegiaren proiektua duela bi urte hasi genuen Maddi nire bikotekideak eta biok. Albarak hiru helburu ditu: batetik, galtzeko zorian dauden larrabehiak bertan haztea eta guk eguneroko hazkuntza horrekin disfrutatzea. Bestetik, larrabehien helburu nagusia da zezen festa herrikoietan parte hartzea, inguruan ditugun entzierroetan, errekortarien ikuskizunetan eta abar, eta gero etxera itzultzen dira animaliak. Hirugarren helburua da jendearengana gerturatzea. Gainera, duela gutxi hasi ginen haragia zuzenean saltzen.

Zerk lotu zaitu ganaduarekin?

Baserri inguru batean jaio nintzen, baina gurasoak kalekoak ziren, eta ez genuen animaliarik etxean. Dena den, inguruan ganadua zegoen eta mundu hau gustatzen hasi zitzaidan. Animaliek harrapatu ninduten, eta animalien artean, behi suharrek; haien izaera basatiak maitemindu ninduen. Txikitan inguruko ganaduzaleengana joaten hasi nintzen, egunerokotasuneko lanak egiten laguntzeko, eta errekortari lanetan ere hasi nintzen. Albaitaritza ikastea aukeratu nuen, eta gaur egun albaitari moduan jarduten dut Albaitaritza izeneko enpresan.

Bi urte daramatzazue proiektu honekin. Zailak izaten dira hasierak; horrela izan al da zuen kasuan ere?

Lekua topatzea izan zen zailena. Baserritarrak erretiroa hartzen ala lanbidea uzten ari dira, baina lursailak ez daude sobran. Hala ere, zorionez, baserri honetako jabearekin tratua nuen lehendik, eta hemen sartzeko aukera eskaini zigun. Ez genuen aukera galdu: bete-betean sartu ginen hemen. Lan pila bat zegoen egiteko; ukuiluak garbitu, itxitura berriak egin eta sistema guztia muntatu... Guztia prestatu genuenean, duela bi urteko sanferminetan, lehenengo behiak ekarri genituen, eta poliki-poliki gero eta buru gehiago sartzen joan gara. Orain, 60 buru inguru ditugu.

"Baserritarren kopurua nabarmen jaisten ari da, eta utziko dituzten lur horiek geratzen diren baserritarrek kudeatuko dituztela esango nuke. Hau da, baserritar gutxiago egongo dira, baina egongo direnak handiagoak izango dira"

Zestoako Endoia auzoan zaudete. Lur onak al dira horrelako abereak hazteko?

Berez, Zestoatik gertuago dagoen arren, Itziarko lurretan dago gure ustiategia. Lur aproposak dira ganadu honentzat; landa lau samarra dago, eta zelai onak dira belarra ontzeko eta animaliek larratzeko. Beste mendi zati bat ere badugu, basoa dago hor, eta neguan bertan hartzen dute babes.

Lehen sektoreko errelebo faltaz hitz egiten dute sarri. Zuek salbuespena zarete?

Esango nuke salbuespena garela. Gu bezalaxe badaude beste batzuk kaletik datozenak baserri munduak maitemindu dituelako eta, zorionez, badaude baserri mundutik datozen gazte batzuk ere, erreleboa hartu eta jarraitu dutenak. Baina errealitatea da jende gutxiri gustatzen zaiola natura, edo naturarekin lan egitea behintzat. Gaur egun nahiago ditugu beste erosotasun batzuk edo beste bizitza mota bat. Baserritarren kopurua nabarmen jaisten ari da, eta utziko dituzten lur horiek geratzen diren baserritarrek kudeatuko dituztela esango nuke. Hau da, baserritar gutxiago egongo dira, baina egongo direnak handiagoak izango dira.

Nolakoa da egun bat Albara ganadutegian?

Zoritxarrez, presak agintzen du. Honek ez du ematen bizitzeko adina, eta buruari bueltak ematen ari gara, apur bat errentagarriagoa nola egin dezakegun pentsatzen. Baina nahi duguna da animaliak ahalik eta ondoen zaintzea, ingurua ere ahalik eta txukunen izatea eta guk honetaz disfrutatzea.

Albaitari moduan egiten dut lan, goizeko zazpiak aldera hasten naiz martxan eta bazkalostean amaitzen dut, ez bada larrialdirik gertatzen. Gero, Maddirekin batera, hona etortzen naiz. Hemen, lan desberdinak egiten ditugu urteko sasoi bakoitzean. Udan, adibidez, garrantzitsuena da soka elektrikoa bi egunetik behin aldatzea, behiei beti belar berria emateko. Pentsu pixka bat ere ematen diegu. Neguan, berriz, beti dago konpondu beharreko itxituraren bat edo bandaren bat...

Orain arte zer ibilbide egin duzue zezen festen munduan?

Ganadutegia martxan jarri orduko hasi ginen zezen festa herrikoietan. Gure ganadua herrietara eramateko aukera txikiak sortzen hasi ziren, eta aprobetxatu egin genituen. Zorionez, gaur egun urtean 30 ikuskizun inguru egiten ditugu. Gehiago egin daitezke, baina ikuskizunak ez daude sobran: 200 egiten dira Euskadin, eta zezen festa herrikoietara dedikatzen diren beste zazpi ganaduzale daude Gipuzkoan, eta beste bat Bizkaian. Nafarroan askoz gehiago daude: ia 2.000 ikuskizun egiten dituzte eta 30 ganadutegi inguru daude.

"Uste dugu posible dela etorkizuneko Euskal Herri bat non animalia suhar hauek existituko diren, zeren zezen festa gabe ez lirateke existituko"

Nola prestatzen dituzue behiak horrelako ekitaldietarako?

Prestakuntza nagusia genetika da. Behi hauek lasai egoten dira beraien habitatean, eta maneiatzeko beste behiak baino izuagoak diren arren, pixka bat ezagutzen bazaituzte eta lasai bazabiltza, erraz maneiatzen dira zelai batetik bestera. Hala ere, beraien izaera dela eta, oso erraz jartzen dira urduri, berehala pizten dira. Bakarrik uzten dituzunean edo beraien espaziotik ateratzen dituzunean, eraso egiten dute. Aukeraketa genetikoaren bidez eta urte askoren poderioz lortu da hori. Neguan festarik ez dagoenez, udaberri aldera zezen plazak errentan hartzen ditugu, horietan gure behiak nolabait entrenatzeko. Errekortariak ere gogoz egoten dira, eta beraiek ere entrenatzeko aprobetxatzen dute. Udan, herriz herri ikasten joaten dira.

Gai arantzatsua da zezen festena. Animaliei tratu txarrak ematen zaizkiela diote batzuek; zer iritzi duzu horren inguruan?

Uste dugu posible dela etorkizuneko Euskal Herri bat non animalia suhar hauek existituko diren, zeren zezen festa gabe ez lirateke existituko. Etorkizun bat non animaliok estentsiboan larretuko duten, bioaniztasunean lagunduko duten eta arrazaren biziraupena ziurtatuta egongo den. Eta, zezen festetan, animaliek ahalik eta gutxien sufritzea nahiko genuke. Hori lortu daiteke, adibidez, lurrean hondarra botata, soka kenduta, hesiak hobetuta... Iaz animalia bakarra herrendu zitzaigun kolpe bat hartu zuelako; hau da, 25 ikuskizunetan behi bakarrak hartu zuen min. Esan nahi dudana da gaur egun animaliak ez direla hainbeste zauritzen. Hala ere, zaleak, ganaduzaleak eta udalak lanean ari gara zezen festa herrikoietako baldintzak hobetzeko.

Ganadutegiko ateak irekita izaten dituzue jendeak egiten duzuen lana ikus dezan. Zergatik apustu hori?

Txikitatik ikusi dut erabateko banaketa dagoela landa munduaren eta kalearen artean. Bagenuen gogoa hemen egiten dugun hori erakusteko eta jendeari parte hartzeko aukera zabaltzeko. Batzuk laguntzera etortzen dira, jana ematera ala itxiturak egitera, eta beste batzuk ikustera. Bakoitzak nahi duen moduan, aukera dago etortzeko, disfrutatzeko eta zalantzak argitzeko.

Nolakoa irudikatzen duzu ganadutegi honen etorkizuna?

Ez oso desberdina. Gure helburua ez da gehiegi haztea, orain daukagun abelburu kopuruarekin zezen festak egiten eta egunerokoaz disfrutatzen jarraitu nahi dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide