Errekorra Mendezek, eta bosgarren garaipena Sanchezek

Intza Trula 2025ko uzt. 27a, 13:30

3.000 igerilari inguru lehiatu dira gaur goizean Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian. Mario Mendezek marka berria ezarri du, proba 00:29:01ko denboran amaituta; Candela Sanchezek, berriz, bosgarren aldiz jarraian irabazi du igeriketa proba.

Erakustaldi ikusgarria eskaini dute igerilariek gaur goizean Zarauzko hondartzan. Atzo Zarautz-Mollarri-Zarautz proba jokatu ostean, Getaria-Zarautz itsas zeharkaldi mitikoaren txanda izan da gaur. 53. aldia izan du Zarautz Balea Igeriketa taldeak antolatutako probak, eta 3.000 parte hartzaile inguru bildu ditu. Hala, bi herriak banatzen dituen 2.800 metroko distantzia egin behar izan dute itsasoz, eta txapeldunak atzoko probako berberak izan dira: Mario Mendez eta Candela Sanchez, alegia.

11:00etan uretaratu dira igerilariak Getarian, proba jokatzeko giro paregabearekin. Ohi bezala, norbere denboraren araberako multzoetan banatuta egin dituzte irteerak, txandaka.

Mendez iritsi da lehena Zarauzko hondartzako itsasertzera, baina oso gertu zuen bigarren sailkatua, Mateo Garcia. Azkenean, itsasertza eta helmuga banatzen zituen korrikako zatian bizkorragoa izan da Mendez, eta berarentzat izan da garaipena. 00:29:01eko denboran zeharkatu du helmuga txapeldunak, eta denbora horri esker 2023an Ruben Van Goolek ezarritako marka hautsi du (00:30:31koa zen marka hori).

Garciak, berriz, 00:29:26ko denboran amaitu du proba, bigarren postua eskuratuz, eta hirugarren sailkatu da Alejandro Puebla, 00:29:35eko denborarekin. Horrenbestez, gizonezkoek atzoko probako podium bera errepikatu dute.

Bosgarren garaipena Sanchezentzat

Emakumeetan Sanchez izan da aurten ere igeriketa probako jaun eta jabe, eta bosgarren aldiz irabazi du Getaria-Zarautz zeharkaldia. 00:31:51ko denboran amaitu du proba berak, eta bigarren heldu den emakumezkoa Laura Rodriguez izan da, 00:33:21eko denborarekin –atzoko proba hirugarren amaitu zuen berak–.

Bi horien atzetik heldu da Claudia Giralt, eta podiuma osatzeaz arduratu da, helmuga 00:33:30eko denboran zeharkatu ostean –bigarren egin zuen atzoko proban–.

Zarauztarrei dagokienez, atzoko garaipena errepikatu du Zarautz Balea Igeriketa Taldeko Unai Agirrek (00:33:10), eta emakumeetan bizkorrena Nora Zabala izan da (00:39:06). Getariarretan azkarrenak Asier Medina (00:38:32) eta Julene Basurto (00:43:27) izan dira. Kategoria horiez aparte, aurten estreinakoz kirol egokituko kategoria egon da igeriketa proba honetan.

Getaria-Zarautz zeharkaldiko sailkapena osorik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide