Hasi da bandera festa

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 7a, 15:06

Bi arraunlari, atzo, Eusko Label ligan irabazitako banderak astintzen Orioko udaletxeko balkoian. (Onintza Lete Arrieta)

Bost bandera irabazi dituzte asteburuan eskualdeko traineruek: gizonezkoetan, Oriok Eusko Label ligako aurreneko biak eskuratu ditu, eta bat Orio B-k KAE2 ligan; emakumezkoetan, Zarautzek ere asteburuko biak poltsikoratu ditu ETE ligan. Biharamunean, protagonisten iritziak bildu ditu Gukak.

Asteburuan hasi dira Euskotren eta Eusko Label ligak, eta eskualdeko traineruek erakutsi dute lehiarako daudela. Gizonezkoetan, denentzat faborito denak eraman ditu Bilboko eta Sestaoko banderak etxera: Oriok. Getariak ere ondo hasi du liga, aurreneko estropadan bosgarren sailkatuta, eta bigarrenean, zortzigarren.

Emakumezkoetan, berriz, Oriok eta Zumaiak eman dute ezustekoa, eta onerako, gainera; izan ere, inork gutxik uste zuen banderagatik borrokan arituko zirela oriotarrak, baina ozta-ozta gelditu dira saririk gabe. Bietan, Arraun Lagunak traineruak irabazi ditu banderak, baina Orio segundo batera baino gutxiagora gelditu da, estropada ederrak eginda. Atzokoan, gainera, oriotarrak aurretik joan ziren azken unera arte, eta 46 ehunenekogatik gailendu ziren donostiarrak.

Zumaiari dagokionez, aurten igo da mailaz, eta larunbatean sekulako estropada eginda hirugarren sailkatu zen. Atzo,  bosgarren izan ziren, baina kalearekin ez zuten zorterik izan, eta kontuan hartu beharrekoa da hori ere. Izan ere, bigarrenetik egin zuten arraun Sestaon, eta adituen esanetan, kale hori da okerrena.

ETE eta KAE ligei dagokienez, eskualdeko ontziek bandera gehiago ekarri dituzte etxera asteburuan: emakumezkoetan Zarautz nagusi izan zen bai larunbatean Sestaon, bai igandean Zumaian, eta KAE2 ligan, berriz, Orio B-k irabazi zuen asteburuan jokoan izan duten bandera bakarra, Sestaon.

Hala, bandera festa izan da asteburuan eskualdean, eta atzo iluntzean, merezitako harrerak egin zizkieten herritarrek bai Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen bi ontziei, bai Zarautz Arraun Elkarteko emakumezkoen ontziari.

Oriotarrentzat asteburu "ezin hobea"

Orioko lehen taldeko arraunlaria da Jon Lizarralde oriotarra, eta Gukari adierazi dio aurreneko bi estropaden balorazioa "ezin hobea" dela, eta horretarako hiru arrazoi zerrendatu ditu: "Hiru arrazoigatik izan da asteburu ezin hobea: batetik, liga hasieran askotan zaila izaten delako taldeek beren errendimendu gorena ateratzea, eta alde horretatik, ondo erantzun diogulako; bigarrenik, bitik bi bandera irabazi ditugulako eta ez dagoelako gehiago eskatzerik; eta hirugarrenik, azpimarratuko nuke larunbatetik igandera bost aldaketa egin direla traineruan, eta horrek erakusten duela plantilla osoak duela maila hor goian aritzeko, eta seinale ona dela".

Larunbatean egindako estropada "oso ona eta oso gogorra" izan zela uste du, eta merezimendu osoz irabazi zutela: "Urteko estropada gogorrena izaten da, eta aurten, gainera, marea behe bete-betean jokatu da, ur oso gutxirekin eta haizearekin". Aitortu du berari asko gustatzen zaiola liga Bilbon hastea, errioan eta erlojupean, "traineru denak baldintza bertsuetan eta elkarren segidan". Bere ustez, "aitzakiarik ez dagoen tokia da, eta indartsuena zein den ikusten da".

Atzoko estropada, berriz, "arriskutsua" izan zitekeela esan du, Sestaon kaleek asko eragiten dutelako. Zentzu horretan, "umiltasun osoz" aitortu du kale onena tokatu zitzaiela, baina uste du hala ere meritua duela irabazi izanak, "estropada oso gogorra" izan zelako haizeagatik eta korronteengatik, eta bigarren luzean "lan oso-oso ona" egin zutela adierazi du. Hirugarren ziaboga oso ona egin zutela ere esan du, eta azken luzea "gozatuz" egin zutela.

Aurreneko asteburua pasata, sailkapen nagusian lider da Orio Zierbenarekiko bi puntuko errentarekin, eta itsasoko estropadei begira dira jada oriotarrak. Getaria seigarren da sailkapenean.

Orioko emakumezkoak ere gustura

Itxaso Azkonobietak ere positiboki baloratu du Oriok Euskotren ligan egin duen hasiera, baina helburua irabaztea dela ere argi du: "Aurredenboraldian lana gogor egin dugu eta lehen bi estropadetan maila ona erakutsi dugula iruditzen zait, sentsazio onak izan ditugu eta lehen posturako borrokan ibili izanak taldea sendo dagoela erakusten du. Datozen estropadei begira, egiten ari garen kalitatezko lanari jarraipena emango diogu, eta lehen postua lortzen saiatuko gara".

Getariarrak gustura itxura ona emanda

Xabier Goikoetxea Getariako Arraun Elkarteko presidentea ere gustura da bere taldeak egindako aurreneko bi estropadekin. Asteburu arriskutsua zela esan du, bi estropadak errioan zirelako eta igandekoa, gainera, kaleek asko baldintzatzen duten estropada eremuan.

Larunbatean "estropada oso ona" egin zutela uste du getariarrak, eta bosgarren sailkatuta, gehiago ez dagoela eskatzerik. "Igandean kalearekin ez genuen zorterik izan, baina mutilek ikaragarri borrokatu zuten, eta ondorioz, zortzigarren egin genuen; azken batean, puntuak bildu ditugu, eta bizirik atera gara asteburutik, eta hurrengoari begira gaude orain".

"Hankak lurrean ditugula, ea itsasoko hurrengo bi estropadetan ere itxura ona emateko gai garen", azpimarratu du.

Zarauztarrak, larunbatekoarekin gusturago

Irati Maiz Zarauzko arraunlariak azaldu du oso gustura daudela larunbatean lortutako emaitzarekin, nahiz eta lehia estua izan zuten: "Hasieratik hortxe egon ziren bai San Juan, bai Kaiku, eta hasiera nahiko gogorra izan zen, baina gure arraunketari eutsi genion, eta oso pozik gaude egindako lanarekin".

Igande estropadaz, berriz, Nahikari Osak eman du iritzia: "Irteeran ez genuen lortu gure arraunkera hartzea, baina estropadak aurrera egin ahala arraunkera sendotuz joan ginen, eta ziaboga nahiko txukuna izan zen. Bueltako luzean luze-luze etorri ginen, hartzeko errazak ez ziren olatuak aprobetxatuz, eta emaitzari begiratuta, nahiko estropada ona izan zen, gure arraunketarekin zeharo asmatu ez arren". 

Zumaiarrak ere pozik

Jule Egigurenek ere baloratu ditu Zumaiak Euskotren ligan jokatutako aurreneko bi estropadak. Aurrenekoaarekin, esaterako, oso gustura da arraunlaria: "Balorazioa oso positiboa izan da. Bagenekien bi estropada oso gogor izango zirela biak errioan zirelako. Bilbora urduri joan ginen, uste genuelako denbora tarte txikian traineru asko sartuko zirelako, baina ezustean hirugarren postua eskuratu genuen, atzekoari segundo batzuk aterata, eta alde horretatik oso gustura gaude, ikusi genuelako gure lana eginez gero gai garela txalupa bat baino gehiago atzean uzteko".

Larunbateko estropadan egindakoak iganderako "indarra" eman ziela esan du zumaiarrak. Ohorezko txandan atera ziren, "aurkari gogorrenekin eta ez kalerik onenetik", eta estropada erlojupeko bat bezala hartu zutela azaldu du, aurreko txandakoen denborak hartuta erreferentziatzat. "Estropda oso ona" egin zutela uste du, atzetik hiru traineru uztea lortuta, eta "oso gustura" daudela gaineratu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide