Lekuona idi sariketaren bigarren eta azken saioa jokatu zuten atzo iluntzean Errezilen, eta dozenaka herritar elkartu ziren probalekuan, eta lehiarako ez ezik, omenaldirako tartea ere hartu zuten han bildutakoek; izan ere, duela gutxi hil den Mariano Uzkudun Aizpuru Argindei-ri aipamen berezia egin zioten idi demak hasi aurretik, urte askotan jardun baitzuen hark Errezilgo idi demak antolatzen eta laguntzen nahiz asto probetan parte hartzen. Haren argazkia zeraman oroigarria jaso zuen Uzkudunen emazteak, eta Millan Telleriak bertso bat kantatu zuen. Omenaldiaren ondotik hasi zen sariketaren dema puntuagarria, eta Azkoitiko Isidro erretegiak jaso zituen txapel eta manta preziatuak, kintopeko saioan beste guztiek baino plaza gehiago eginda: 58,5 kiloko gainkarga eraman zuen haren idi pareak eta 46 plaza, bi zinta eta 4,93 metro osatu zituen.
Larunbateko saioan ez bezala, kintopeko idiak plazaratu zituzten atzo, eta han lehiatu ziren Maruriko (Bizkaia) Mendipe elkartea, Arroako Etxetxo, Birleko (Bizkaia) Iñaki Lopetegi eta Azkoitiko Isidro erretegia. Etxetxo izan zen bigarren, haren idiek 45 plaza eta 1,28 metro egin baitzituzten 36 kiloko gainkargarekin; atzetik sailkatu zen Lopategi, 22,5 kiloko gainkargarekin 41 plaza justu eginda; Mendipe elkartearen idi pareak, berriz, 31 plaza egin zituen, 85 kilo eta erdiko gainkarga zutela. Larunbatean bezala, 1.970 kiloko harria erabili zuten demalariek.
Aurreneko saioan, bestalde, idi ofizialak lehiatu ziren Errezilen, baina haiek gonbidatu moduan parte hartu zuten deman; hau da, haien emaitza ez zen sariketan puntuagarria izan. Belamendi errezildarrak jantzi zuen saio horretako txapela, 52 kilo eta erdiko gainkargarekin 56 plaza, zinta bat eta 4,84 metro eginda. Haren atzetik, bigarren sailkatu zen Hondarribiko (Gipuzkoa) Igone Pagadizabalen idiek 53 plaza eta 1,41 metro osatu zituzten bederatzi kiloko gainkargarekin; eta hirugarren postua eskuratu zuen Urrestillako Olalderen idiek 52 plaza, bi zinta eta 3,36 metro gauzatu zituzten gainkargarik gabe.