Belamendi nagusi, Lekuona idi sariketaren lehen saioan

Ihintza Elustondo 2025ko eka. 29a, 15:05

Lekuona idi sariketaren lehen saioan, idi ofizialak lehiatu dira, eta etxean gelditu da txapela: Errezilgo Belamendiren idi parea izan da garaile. Bihar lehiatuko dira kintopeko idiak.

Lekuona idi sariketaren hirugarren aldiari ekin zioten atzo, larunbata, Errezilen. Atzoko saioan, idi ofizialak lehiatu ziren, plazetan lehen urtea ez dutenak –iazko kintopeko Euskadiko txapeldunak–, eta bihar, astelehena, ariko dira kintopekoak; lehen aldiz plararatu direnak. Atzokoan, etxean gelditu zen txapela: Errezilgo Belamendiren idi parea izan zen garaile.

Belamendiren idi parearekin Asier Alegria eta Iñaki Urrutia aritu ziren itzain. 52,5 kiloko gainkarka eraman zuen pareak, eta guztira, 56 plaza, zinta bat eta 4,84 metro gauzatu zituen. Bigarren postuan, Hondarribiko (Gipuzkoa) Igone Pagadizabalen idiak sailkatu ziren, eta haiekin, Alegria eta Jagoba Tubilla aritu ziren itzain. Pagadizabalen idiek bederatzi kiloko gainkarga eraman zuten, eta guztira, 53 plaza eta 1,41 metro osatu zituzten. Hirugarren postuan Urrestillako Olalderen idiak sailkatu ziren; haiekin Iñaki Urrutia eta Ander Aizpuru aritu ziren itzain, eta gainkargarik gabe, 52 plaza, bi zinta eta 3,36 metro gauzatu zituzten. 
 
Bihar, 21:00etan hasita, lehiatuko dira aurtengo kintopeko idiak, Errezilen bertan. Bizkaitik eta Gipuzkoatik bertaratuko dira parte hartzaileak: hain zuzen ere, Mendipe elkatea, Etxetxo, Iñaki Lopetegi eta Isidro erretegia lehiatuko dira.
 
(Argazkiak: Ibon Errazu)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide