Azpeitiko bosgarren poligonoko 58. lur zatian aldi baterako estazio meteorologiko bat interes publikokotzat deklaratzeko eskaera egiten duen iragarkia argitaratu zen joan zen asteazkenean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO). Han jasotzen denez, Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako departamentuan aurkeztu ditu Desarrollos Renovables Iberia enpresak Azpeitiko lur zati horretan haize neurgailu bat instalatzeko eskaerari buruzko agiriak, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko artikuluan aurreikusitakoaren arabera interes publikoko deklaratzeko. Dorre meteorologiko horrek ia ehun metroko altuera izango luke, eta azpiegitura horri egokituko zaizkio haizearen abiadura eta norabidea neurtzeko tresnak izango dituzten euskarri batzuk, haren baliabide eolikoa ebaluatzeko eta etorkizunean parke eoliko bat jartzea bideragarria al den aztertzeko. Neurketa kanpaina horrek urtebete iraungo duela ere zehaztu du iragarkiak, eta urtez urte luzatu ahal izango da, gehienez bost urtera arte. Epea igarotzen denean, berriz, dorrea kenduko dute eta kokalekua "hasierako baldintzetara" itzuliko dela jakinarazi dute. Egindako eskaera "izapide" kontua izanik, ebazpenari ezin zaio alegaziorik aurkeztu.
Statkraft enpresak Piaspe zentral eolikoa eraiki asmo duen lurretan markak agertu direla jakinarazi zuen orain gutxi Sañu Bizirik taldeak, eta, orain, Txillarramendi auzo elkarteak eman du "ia oharkabean" igaro den iragarkiaren berri: haren arabera, Piaspe zentral eolikoaren eraikuntzarekin "harreman ezinbestekoa" duen azpiegituraren interes publikoko adierazpenaren eskabidea egin dio Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari, Statkraft multinazionalak sustatuta: "Multinazional horrek obra baimen eskaera egin zuen Azpeitiko lurzoru ez urbanizagarrian, etorkizunean eraikiko litzatekeen zentral eoliko baterako haizea neurtzeko 97 metroko altuerako dorrea jartzeko, eta Azpeitiko Udalak foru aldundira bidali zuen, eraikuntza mota horrek behar duen interes publikoko adierazpena eman zezan. Ondoren ebatziko luke Azpeitiko Udalak Statkraften obra baimen eskaera", azaldu du taldeak.
Lursail horren jabea Kutxabank dela ere jakinarazi du Txillarramendik, eta auzo elkartearentzat "adierazgarria" da hori, Piaspe eraiki nahi duten Sañoa mendi inguru horretako auzoetakoa ez den lur jabe bakarra delako bankua: "Gainontzeko guztiek, Odria, Txillarramendi eta Lasao auzoko lur jabe bizilagunek, ezetz esan diote Statkrafti, nahiz eta horiek gogotik saiatu diren 'bertakoen' lursailak eskuratzen. Ez dago gaizki Kutxabanki hori gogoraraztea, alegia, bere inguruko guztiek ezetz esan dutela, auzotarrek ez dutela diru truk edo auskalo zeren truke beren lursailik salduko mendia txikitu eta auzoak erabat desitxuratuko lituzkeen zentral eoliko bat eraikitzeko", adierazi du taldeak.
Bestalde, haize neurgailua jarri ahal izateko prozesuaren kronologiak ere "arreta" piztu du auzotar horien artean. Izan ere, elkartearen arabera, Statkraftek joan zen urtarrilaren 28an egin zuen obra baimen eskaera Azpeitiko Udalean, eta erakunde horrek otsailaren 5erako egina zuen Gipuzkoako Foru Aldundira orain jendaurrean jarri den tramiteari hasiera eman ahal izateko egin beharra zuen txostena: hau da, instalazio horren Azpeitiko Hirigintza Plan Orokorrarekiko bateragarritasuna aztertzen duena. "Bada, udalak hiru hilabete eta erdi geroago arte —ekainean— ez du eskaera hori foru aldundira igorri. Zergatik? Gaiztoenek pentsa lezakete erabaki zela goizegi izan zitekeela herrian eta eskualdean sor zitekeen iskanbilari eusteko, eta hobe izan zitekeela ebazpen handiaren zain egotea; hau da, Eusko Jaurlaritzatik Piaspe zentral eolikoaren ingurumen inpaktuaren adierazpena ustez etortzekoa den garaitsuan hastea tramitea, alegia, orain. Pixka bat itxaron eta dena batera etor dadila, edo, timing kontuak, azkenaldian esaten den moduan".
"Informazioa ezkutatu"
Bide horretan, auzotarrek kontua "bost hilabete beranduago eta aldizkaritik" jakin dutela salatu du auzo elkarteak. Hain zuzen, Azpeitiko Udalak informazio hori "ezkutatu" izanak "mina" eragin diela azpimarratu du, "zeharo harritu" ez baditu ere, eta zera gaineratu du: "Oker egoteko beldurrik gabe esan dezakegu alderdikide eta Piaspe delako proiektu horretan 'bidelagun' duen Zestoako Udalak ere ez zeukala Azpeitiko neurgailu horren eta obra baimen eskaera horren gaineko inolako berririk. Errezilen ba ote zekiten ez dakigu. Hara hor, kolore bateko hiru udalen arteko 'elkarlana' agerian. Esanguratsua, zinez. Ezin uka, ordea, hasiera-hasieratik horrelakoxeak izan direla kontuak: penagarriak".
Bien bitartean, azaldu dute Txillarramendi auzo elkartean «lanean» jarraitzen dutela Statkrafti inork "inolaz ere ez" dakion lursailik saldu edo errentan eman auzoan; "horixe saihestu nahi zen aurrena, beste ezeren gainetik". Elkarteak berretsi du orain arte bezala jarraituko duela, "auzoak eta lurraldea" defendatzen dituzten herritarren zein Sañu Bizirik eta Errezil Bizirik herri ekimenen laguntzarekin.
GAOn argitaratutakoaren zein Txillarramendi auzo elkarteak egindako adierazpenen aurrean Guka harremanetan jarri da Azpeitiko Udalarekin, baina erakunde horrek hedabide honi adierazi dio oraingoz ez duela azalpenik emango.