Sañu Bizirikek salatu du markak agertu direla Piaspe eraiki nahi duten lurretan

Maialen Etxaniz 2025ko eka. 12a, 17:30

Markak agertu diren eremuetako bat. (Sañu Bizirik)

Sañu Bizirikek jakinarazi duenez, Zestoako lurretan agertu dira markak, Munomendi inguruan. Taldearen arabera, gune hori da 100 metroko haize neurgailua jartzeko kokapena. Era berean, jakinarazi dute, balizko haize neurgailu hori urtebetez martxan izan beharko lukeela Statkraft enpresak zentrala eraikitzen hasi aurretik. 

Sañu Bizirik taldeak jakinarazi duenez, azken asteetan hainbat marka agertu dira Statkraft enpresak Piaspe zentral eolikoa eraiki asmo duen lurretan. Zehazki, Zestoako lurretan agertu dira markak, Munomendi inguruan. "Gertakari azpimarragarria" da Sañu Bizirikentzat, eta zantzu horiek ikus daitezkeen hainbat argazki eta bideo bidali dituzte Gukaren erredakziora. Gertaera horiek salatu ez ezik, herritarrei adi egoteko deia egin diete.
 
Taldearen arabera, gune horretan jarri nahi dute 100 metroko haize neurgailua. Era berean, jakinarazi dute, balizko haize neurgailu hori urtebetez martxan izan beharko lukeela Statkraft enpresak zentrala eraikitzen hasi aurretik. "Informazioa bildu ostean, jakin dugu 100 metroko haize neurgailua jartzeko kokapena litzatekeela markatutako tokia. Haize neurgailu hori urtebetez gutxienez haizearen inguruko datuak biltzen eduki behar du enpresak, zentrala eraiki aurretik", adierazi du Sañu Bizirikek. 
 
 

"Makineria martxan"

Sañu Bizirikeko kideek gogoratu dute hiru urte beteko direla Sañoa inguruetan "zentral industrial eoliko bat eraikitzeko zurrumurruak" oihartzuna hartzen hasi zirenetik, eta azpimarratu dute gaur-gaurkoz "ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren erantzuna jaso zain" jarraitzen dutela. "Proiektuaren tramitazioa lehen mugarrira iristeko dago, beraz. Koska hori gainditzea derrigorrezkoa da proiektuak aurrera segiko badu", azaldu dute. Haien arabera, "Sañoa inguruetan bost haize-errota jartzeko plana ez dago bertan behera utzita". 
 

Taldearen aburuz,  "herritar askok uste du proiektua geldituta dagoela, jada ez dagoela estutzen ibili beharrik", baina sentipen hori "nahita eragindakoa" dela kritikatu du Sañu Bizirikek, "herritarrak ezjakintasunean eta isilik mantentzeko". Hori dela eta, "zenbaitek zabaldu nahi duten iritziaren kontra", Sañu Bizirikek adierazi du "enpresak bere makineria martxan jarrita" duela, eta Piaspe proiektuan "dirua inbertitzen" jarraitzen duela, "zentrala eraikitzeko asmoa izaten jarraitzen duenaren seinale". 

Egoeraren aurrean, Sañu Bizirikek  "mendiak eta landa lurrak defendatzen eta herritarrak informatzen" jarraituko duela jakinarazi du. 

Honako hau da Sañu Bizirikek bidalitako bideoa: 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide