Mikel Rodriguez getariarra eta Egoitz Arana zarauztarra Espainiako Bigarren Mailara igo dira Reala B taldearekin. Atzo, igandea, jokatu zuten igoera play-offetako azken kanporaketaren itzulerako partida Tarragonako (Katalunia) Gimnastic taldearen aurka Zubietan. Nahiz eta Reala B-k lehia 1-2 galdu, joanekoan lortutako aldeko 1-3 emaitzak mailaz igotzeko aukera eman zien txuri-urdinei.
Aurreneko zatian lortu zuten bisitariek huts eta batekoaren gola egitea, eta bigarrenean egin zuten bigarrena. Huts eta bikoarekin, kanporaketa 3-3 berdinduta zegoen, eta hori hala izanda, luzapena jokatu behar izan zuten bi taldeek. Reala B-k luzapeneko bigarren zatiaren hasieran erdietsi zuen gola penaltiz –Manex Gibelaldek lortu zuen txuri-urdinen gola–, eta hala, Gimnastic bi gol egitera behartu.
Realak liga erregularrean Kataluniakoek baino gorago amaitu zuen sailkapenean, eta horrek garrantzia berezia hartu zuen azken kanporaketan; izan ere, luzapena jokatu eta gero kanporaketa goletan berdinduta bazen, txuri-urdinek lortuko baitzuten mailaz igotzea. Nolanahi ere, atzokoan ez zen kasu hori jazo, Reala B-k 4-3 irabazi baitzuen kanporaketa.
Amaieran, pozarren ziren txuri-urdinak. Zubietan bildutako zale askok eta askok berdegunea egin zuten salto, maila igoera harrobiko jokalariekin batera ospatzeko. Rodriguezek eta Aranak etxekoekin zein lagunekin ospatu zuten igoera, eta zaleek zelaia hustutakoan, taldekideekin. Urola Kostako bi jokalariek aurten berritu dute kontratua Realarekin; Aranak 2026ko ekainera arte du kontratua txuri-urdinekin, eta Rodriguezek, 2027ko ekainera arte.