Urteko egunik luzeenean, sua piztuko dute toki ugaritan

Erredakzioa 2025ko eka. 21a, 08:30

Iazko San Joan bezperako une bat, Getariako Balentziaga kalean. (Ane Azkue)

San Joan bezpera izango da astelehenean, eta Urola Kostako hainbat txokotan piztuko dute sua. Txoko gehienetan urteroko moldeari eutsiko dioten arren, berrikuntzarik ere izango da aurtengoan. Besteak beste, danbor hotsak hedatuko dituzte Azkoitian.

Gau magikoa izan ohi da jende askorentzat San Joan bezperakoa. Aurten, astelehena egokituko da ekainaren 23a, eta dagoeneko zain-zain egongo dira bat baino gehiago sua piztu eta haren bueltan dantza egiteko. 

Ohi bezala, aurten ere Urola Kostako hainbat herri eta auzotan piztuko dute San Joan sua urteko egunik luzeenean. Hainbat lekutan bertako festak ospatuko dituzte, baina jaiak ospatzen ez dituzten hainbat tokitan ere eutsiko diote sua pizteko tradizioari. Toki gehienetan 22:00 aldean piztuko dute sua, eta gehienek musikaz eta dantzaz girotuta luzatuko dute gaua. 

Txoko gehienetan urteroko moldeari eutsiko dioten arren, berrikuntzarik ere izango da aurtengoan. Azkoitian, esaterako, danbor festarekin uztartuta egingo dute San Joan bezperako ekitaldia. 

Azkoitian, danbor hotsak

Azkoitian, sei hamarkadaz umeen danborrada antolatzen aritu diren Umore Ona eta Tata elkarteek piztuko dute aurtengo San Joan bezperako sua. Urterik urte danborrada posible egin duten guztiei «eskertza eta aitortza» egingo die udalak, ekainaren 23an Balda plazako San Joan bezperako sua pizteko ohorea emanez.

Umore Ona elkartea 1940. urtean sortu zen, eta elkarteko kideek, taldearen 25. urteurrena ospatzeko, umeen danborrada egin zuten aurrenekoz 1965. urtean. Hain justu, aurten urteurren borobila ospatu du haurren danborradak, 60. aldiz aritu baitira umeak danborrak eta barrikak astintzen. Duela hiru urte, berriz, Tata elkartea sortu zuten, Umore Ona elkarteari erreleboa hartuz.

Omenduko dituzten taldeak danborrada antolatzeaz arduratu izan direnez, danbor hotsak ez dira faltako astelehen gaueko haien ekitaldian. Hain zuzen ere, San Joan sua piztu aurretik, plaza nagusitik Balda Plazara arteko bidea danborra joz egingo dute bi elkarteetako kideek, eta han sua piztu ostean, beste hainbat pieza joko dituzte. 

San Joan suak

Ekainak 23, astelehena

-Aia

21:30. Plazan elkartuko dira herritarrak.

22:00. San Joan sua piztuko dute, dantzaz eta musikaz girotuta.

Ondoren, txokolatea banatuko dute bertan bildutakoen artean.

-Aizarnazabal

21:30-22:00 aldean San Joan sua piztuko dute, plazan.

-Azkoitia

19:15. Dantza emanaldia, Balda plazan. 

22:00. San Joan sua piztuko dute Umore Ona eta Tata elkarteek. Sua piztu aurretik, talde horiek danborrada egingo dute plazatik Balda plazara. Sua piztu ondoren, beste pieza batzuk joko dituzte. 

-Azpeitia

22:00. San Joan sua, plazan.

00:30. Urrestillako sanjoanetan, San Joan sua piztea eta suaren inguruan dantzaldia.

-Beizama

Iluntzean, afaria eta San Joan sua egingo dituzte. 

-Errezil

19:00. San Joan sua, Dantzalekuan.

-Getaria

22:00 aldera piztuko dute sua Balentziagan. Ondoren, Gure Txeruko kideek suaren bueltan dantza egingo dute.

-Orio

21:00 aldera piztuko dute sua, Ikastolako plazoletan(euria egiten badu, Pergolan). Haurrekin kalejira, Kosta tailerretik abiatuta. Geldiuneak hurrengoak izango dira: Sarasua, Arkaitz, plaza eta plazoleta. Geldiune bakoitzean dantzak egingo dituzte. Ibilbidea amaitzean, plazoletan Harribilen emanaldia hasiko da. Musika eskolako ikasle batzuek ere parte hartuko dute.

-Zarautz

22:00. San Joan sua, Mitxelenan, Antonio Aranzabal zenaren zelaian. Parte hartzaileak: Aimar Sorazu eta Uxue Alkorta bertsolariak, Goizeko Ihintza txistulariak, Montetxio abesbatza eta Jalgi dantza taldea. Zelai Ondoko festen barruan egingo dute ekintza.

-Zestoa

19:00. Erromeria, Arroabeko plazan. 22:00etan, sua piztuko dute Sakulupen. 

22:00. San Joan sua, Zestoako plazan.

-Zumaia

22:00. San Joan sua, Sanjuaniturrian. Udal txistulari bandak eta Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako euskal dantzetako ikasleek parte hartuko dute.

23:00. Ekhi gaua, Gernika parkean. Parte hartzaileak: txalaparta nahiz adar jotzaileak, joaldunak eta Astindu dantza elkarteko kideak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide