Energia arloko hitzarmena sinatu dute Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 22a, 09:00

Landare bat bonbilla baten barruan.

Udal Elkarteak 60.000 euro jasoko ditu, eta Energia teknikari lanpostua mantendu ahal izango du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailak eta Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) energia hitzarmena sinatu dute 2025. urterako, prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez. Hitzarmen horren helburu nagusia da energia berriztagarrien instalakuntza eta eraginkortasun energetikoa areagotzea, eta pobrezia energetikoaren aurka borrokatzea. Hitzarmen horren arabera, UKUEk 60.000 euro jasoko ditu, eta erakundeak nabarmendu du horri esker eskualdeak Energia teknikaria izaten jarraituko duela, "besteak beste gaiaren inguruko sentsibilizazioa eta aholkularitza eskaintzeko".

Hitzarmenaren helburuak lortzeko, UKUEk jakinarazi du hainbat ekintza sustatuko dituela eskualdean: "Aurten eskualde mailako bi lan ildo nagusi ditu eskuartean Udal Elkarteak. Alde batetik, klima aldaketak eskualdeko sektore ekonomikoetan izango duen eraginaren azterketa egiten ari gara, eta horrekin lotutako gomendio sorta osatuko dugu. Eta, bestetik, eskualdeko herriei zerbitzua emango dien energia bulegoaren inguruko hausnarketa, lanketa eta antolaketa prestatzen ari gara".

Horrez gain, UKUEren egoitzako efizientzia energetikoa hobetzen jarraituko dutela esan dute, eta eskualdeko udalekin elkarlana bultzatuko dutela.

Ion Arozena UKUEko presidentea eta Jose Ignacio Asensio aldundiko Jasangarritasun diputatua, sinatutako hitzarmenarekin. (UKUE)

Herri txikientzat garrantzitsua

Ion Arozena Urola Kosta Udal Elkarteko lehendakariak Energia Hitzarmenak eskualdeentzat duen garrantzia azpimarratu du: “Gipuzkoan eskualde asko dago herri txiki asko dituenak, eta horiek ezin dituzte beren kabuz garatu klima aldaketaren aurkako ekintzak eta egitasmoak. Urola Kostako Udal Elkartearen ikuspuntutik, hitzarmen hau herri txiki horiei laguntzeko tresna bat da, bai ekintzak gauzatzeko, eta baita, adibidez, eskualde mailako energia teknikari bat eduki ahal izateko ere”.

Arozenaren ustez, klima aldaketaren aurkako jarduna "ikuspuntu zabalago batetik" landu beharko litzateke: "Trantsizio energetikoaz gain, gure kontsumo ohiturak, baliabideen etengabeko ustiapena eta hondakinen kudeaketa ere hobetu beharko genituzke”, azpimarratu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide