Donostia Ospitalera zuzeneko autobus zerbitzua eskatzeko sinadurak bilduko dituzte

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 19a, 13:14

Donostia Ospitalea. (Osakidetza)

Doako parking-a denontzat plataformak salatu duenez, Donostia Ospitalean autoa aparkatzeko zailtasunek hainbat arazo sortzen dituzte eta "egoera jasanezina" bilakatzen ari da. Horregatik, ospitalera zuzeneko garraio-zerbitzua aldarrikatzeko sinadura bilketa egingo du.

Donostia Ospitalera joateko zuzeneko autobus zerbitzua egon dadila eskatzeko sinadura bilketa egingo du Doako parking-a denontzat izeneko plataformak Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Datozen egunetan sinadurak biltzeko mahaiak jarriko dituzte hiru herrietako hainbat puntutan.

Plataformak prentsara igorritako ohar batean azaldu duenez, Donostia Ospitalean gero eta zailtasun gehiago daude autoak aparkatzeko eta, ondorioz, asko dira egunero dagokien ordua baino askoz ere lehenago etorri behar diren langileak, kontsultak galtzen dituzten pazienteak eta senitartekoak bisitatzeko ordainpeko aparkalekuan "diru kantitate handia" uzten duten pertsonak.

"Egoera jasanezin" horren aurrean, duela hilabete batzuk 'Doako parking-a denontzat' izeneko plataforma sortu zuten ospitaleko hainbat langilek. "Donostia Ospitaleko irisgarritasunaren arazoa aspalditik datorren auzia da. Hala ere, aparkaleku nagusian protonterapia eta kanpo-kontsultetarako eraikin berriak eraikitzearen ondorioz egoerak okerrera egin du; izan ere, eraikin horiek egiteko aparkaleku plazak kenduko dituzte. Horren aurrean Osakidetzak eskainitako irtenbideak ez dira nahikoak izan; adibidez, Ilunberen eta Ospitalearen arteko lanzaderak ez dira gai gaur egungo hutsunea betetzeko, alternatiba faltsuak dira. Gainera, Ospitaleko aparkaleku nagusiak ordainpekoa izaten jarraitzen du, eta garbi geratzen da enpresa pribatuen etekin ekonomikoak langileon eta pazienteen eskubideen gainetik jartzen ari direla", adierazi dute plataformako kideek.

Jakitera eman dutenez, azken hilabeteetan Lurraldebus enpresarekin nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasun sailarekin kontaktuan jarri dira gutun bitartez, baina hauek ez diete irtenbiderik aurkeztu. Gauzak horrela, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako herritar batzuk elkartu dira arazo horri heldu eta Donostia Ospitaleko irisgarritasunaren alde borrokatzeko eta, ildo horretatik, sinadura bilketa bat jarriko dute martxan, ospitalera zuzeneko garraio-zerbitzua aldarrikatzeko.

Doako parking-a denontzat  plataformak honako puntuetan jarriko ditu sinadurak biltzeko mahaiak:

Azpeitian

  • Ekainak 23, 10:00etatik-13.00etara. Azoka Plazan.
  • Ekainak 27, 19:00etatik 21:00etara.
  • Uztailak 2, 9:00etatik 11:00etara. Anbulatorio aurrean.

Azkoitian

  • Anbulatorioan sinatzeko aukera egongo da egunero.
  • Ekainak 27, 19:00etatik 21:00etara. Plazan.

Zestoan

  • Potxolo dendan eta Koiote tabernan sinatzeko aukera egongo da egunero.
  • Astelehena 23, 18:00etik 20:30era. Erdikalean.
  • Osteguna 26, 18:00etatik 20:30era Erdikalean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide