Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Azkoitian egin du gaur bere urteko batzar nagusia. Baztartxo antzokian elkartu dira UEMAko kide diren udalerrietako ordezkariak 10:00etan. 115 udalerrirekin hasi du batzarra UEMAk, eta 118rekin bukatu; izan ere, batzarraren azken bozketan, mankomunitatean sartzea eskatu duten azken bost udalerrien eskaerak onartu dituzte: Nafarroako Donamariarena, Bizkaiko Ibarrangelu eta Mundakarena, eta Gipuzkoako Mutiloa eta Ormaiztegirena. Urola Kostako 11 udalerrietatik hamar dira UEMAko kide, Aia ez beste guztiak.
Aurretik, beste hainbat kontu jorratu dituzte UEMAren batzarrean. Horrela, Siadecok UEMArentzat egindako proiekzio demolinguistikoaren emaitzak aurkeztu ditu Iñaki Iurrebaso soziologoak eta UEMAren ikerketa arduradunak. Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 izenburua du azterlan horrek; gaurko batzarrean ez ezik, hainbat eragileren aurrean ere ari da aurkezten UEMA proiekzio demolinguistikoa, eta datozen asteetan publiko egingo ditu emaitzak.
Herriz herri euskararen egoerarari buruzko argazki eguneratua biltzen duten koaderno demolinguistikoak, urrian Azpeitian egitekoa den arnasguneei buruzko nazioarteko konferentzia, euskara eta kulturartekotasuna uztartuz gurasoentzako berariaz prestatutako Etorri euskarara! ikastaro berriak, edota euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko EITBrekin berretsi eta zabaldu duen hitzarmena ere hizpide izan dituzte UEMAko kideek gaur Baztartxon, eta euskararen aurkako oldarraldiaren harira udalek dituzten kezkak ere bai.
2025-2029 plan estrategikoa
Iazko kontuak onartu ondoren, berriz, datozen lau urteetarako plan estrategikoa onartu eta lanerako ardatz berriak finkatu ditu UEMAk gaur Azkoitian.
Udalerri euskaldunen lurgunea osatzea, erakunde gisa sendotzea, udalerrien erabateko euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena dira UEMAk bere helburu nagusiak betetze bidean datozen lau urteetarako onartu dituen bost ildo estrategikoak, eta bost arlotan eragiteko 24 lanerako ardatz finkatu dituzte horiek gauzatzeko.