Lehendakari berria aukeratzeko prozesua hasi du ISBk, Intza Lizarazuren hautagaitza aurkeztuta

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 13a, 11:28

ISBk 2023an egin zuen urteko batzarraren irudia.

Iraurgi Saskibaloi Taldeko lehendakaria izateari utziko dio Maier Lizasok, karguan hamaika urte egin ostean. Atzoko batzar orokorrean, zuzendaritza talde berria aukeratzeko hauteskunde prozesua abiatu zuen ISBk, eta Intza Lizarazu jokalari ohia da momentuz lehendakari kargurako hautagai bakarra.

Iraurgi Saskibaloi Taldeak zuzendaritza taldea berritzeko hauteskunde prozesua abiatu zuen atzo, osteguna, egin zuen batzar orokorrean. Zuzendaritzak proposatutakoez aparteko hautagairik ez bada aurkezten, aldaketa bakarra gauzatuko da taldean, lehendakariarena, hain zuzen ere: hamaika urteren ostean, Maier Lizasok utzi egingo dio karguari, eta jardunean arituko da haren ordezkoa aukeratu bitartean.

Zuzendaritzak Intza Lizarazu proposatu du Lizasori erreleboa hartzeko, eta, momentuz, ISBko jokalari ohiarena da hautagaitza bakarra. Lizarazuk 23 urtez jokatu du Iraurgi taldean, eta aurten utzi ditu saskibaloi kantxak. Herenegun, hain zuzen, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak kirolari nabarmenduaren saria eman zion, bere klubarekiko erakutsi duen "leialtasunarengatik". Kapitainak, antza, kirol hori beste modu batera bizitzeko hautua egin du bere hautagaitza aurkeztearekin.

ISBko zuzendaritza taldeko gainontzeko postuetan, egungo kargudunek jarrai dezatela proposatu du zuzendaritzak. Zehazki, Maitane Gurrutxaga Ekonomia sailean, Igor Mantzizidor Ekintzak sailean, Luis Agirre teknikari lanetan eta Stephanie Thurman idazkari.

Hauteskunde prozesua

Atzoko batzar orokorrean hasi zuen hauteskunde prozesua ISBk, eta egunean bertan sortu zuen hauteskunde mahaia. Ibon Guridi izango da mahaiko burua. Hilabete barru, uztailaren 12an, hautagaitzak aurkezteko epea irekiko dute, eta uztailaren 22a izango da proposamen berriak egiteko azken eguna.

Aurkezpen epea amaitzerako kargu bakoitzerako hautagaitza bakarra balego, horiek izendapena jasoko lukete zuzenean; lehendakariaren kasuan, Intza Lizarazu litzateke gaur gaurkoz. Kontrako kasuan, bozketa egiteko data finkatuko litzateke uztailaren 27an, aurkezpen epea itxi eta bost egunera. Gehienez ere 15 eguneko epea izango du zuzendaritzak bozketa egiteko, beraz, beranduenez, abuztuaren 11an ezagutzera emango dute Iraurgi Saskibaloi Taldearen zuzendaritza talde berria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide