Eskualde mailako elkarretaratzea egin dute Zumaian egoitzetako langileek

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 12a, 12:06

ELA sindikatuak deituta, gaur Eusebio Gurrutxaga plazan egin den elkarretaratzeko irudia. (Juan Luis Romatet)

ELA sindikatuak deitutako sei greba egunetatik bigarrena egin dute gaur. Zumaian egin dituzte gaur protesta ekintzak. Lehena eguerdi partean egin dute Eusebio Gurrutxaga plazan, eta bigarrena arratsaldez egingo dute, 18:30ean, Saregile plazan. 

Lan hitzarmen berria eskatzen mobilizazioak abiatu dituzte adinekoen egoitzetan. ELA sindikatuak sei greba egun deitu ditu Gipuzkoako egoitzetan. Atzo izan zuten lehena, eta Donostian egin zuten mobilizazioak. LABek, bere aldetik, lau orduko lanuztea egin zuen atzo, eta Donostian mobilizatu zen.

Gaur, grebako bigarren egunean, Zumaiara ekarri du protesta ELA sindikatuak. Eguerdi partean Eusebio Gurrutxaga plazan elkarretaratu dira Urola Kostako egoitzetako beharginak. Bertan izan dira Zumaiako San Juan egoitzako, Otezuri zentroko eta eguneko zentroko langileak, Zarauzko eguneko zentrokoak, Zestoako Gisasola egoitzakoak, Azpeitiko San Martin egoitzakoak eta Azkoitiko San Jose egoitzakoak. Ordu laurdenez kontzentratu dira plazan. 

Arratsaldez egingo dute bigarren kontzentrazioa, kasu horretan, Saregile plazan 18:30ean hasita. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide