Aitor Agirre eta Maite Urteaga izan dira azkarrenak txirrindularien Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketan

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 11a, 09:58

Atzo arratsaldean jokatu zituzten erlojupeko lasterketak Aizarnazabalen, eta iazko irabazle berdinak izan dira nagusi aurtengo edizioan ere, zumaiarrak biak ala biak: Maite Urteaga azkarrena izan zen emakumeen Elite mailan; Aitor Agirrek, berriz, Gervaisen oroimenezkoa irabazi zuen, 23 urtez azpikoen mailan.

Aizarnazabalgo txirrindularitza zaleek gozatua hartu zuten atzo,  ia 40 kirolari lehiatu baitziren Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketaren kategoria desberdinetan. 18:00etan hasita, gizonen eta emakumeen 23 urtez azpiko eta junior mailako probak, emakumeen Elite mailako proba eta egokitutako txirrindularien lasterketak jokatu ziren. Txapel nagusiak iazko irabazle berberak eskuratu zituzten: Aitor Agirre eta Maite Urteaga zumaiarrak.

Junior mailakoen lasterketa, Joxe Larrarteren omenezkoa, izan zen arratsaldeko lehena. Hamabost txirrindularik hartu zuten parte proba honetan, eta gainontzeko guztietan bezala, minutu bateko aldearekin abiatu ziren txirrindulariak bata bestearen atzetik. Aizarnazabal-Muniosoro-Bedua-Zumaia (saihesbideko biribilgunea)-Muniosoro-Aizarnazabal ibilbidea osatu zuten, 14,5 kilometrokoa. Iaz bezala, Eñaut Urkaregi izan zen azkarrena, helmugara 18'31,60 denboran helduta. Bigarren eta hirugarren postuak Urko Nazabal (19'11,71) eta Eneko Ugartemendiarentzat (19'47,22) izan ziren.

Gero, ibilbide berdina osatu zuten egokitutako txirrindularitzako proban parte hartu zuten sei kirolariek. Kategoria honetan Ander Albizu izan zen onena, kronometroa 22'07,26an geldituta. Atzetik sailkatu ziren Guillermo Prieto (22'45,25) eta Unai Zabalo (23'27,50).

Emakumeen lasterketak, berriz, hiru mailatan jokatu zituzten: juniorrak, 23 urtez azpikoak eta Elite maila. Juniorretan Irati Arangurenek burutu zuen ibilbidea azkarren, helmugara 21'24,33 denboran iritsita. Bigarren postua Izaro Etxarrirentzat (22'06,39) izan zen, eta hirugarrena Ane Zubeldiarentzat (22'21,85). 23 urtez azpikoen mailan hiru txirrindularik parte hartu zuten. Garazi Bergara izan zen nagusi (22'48,30), eta atzetik helmugaratu ziren Magali Albisu (23'31,60) eta Lur Zufiria (23'38,87). Elite mailan Maite Urteaga zumaiarra izan zen nagusi, proba 20'25,77 denboran egin ostean, iaz baino bi minutu azkarrago. Bigarren postuan sailkatu zen Garazi Bergara, eta hirugarrenean, Olatz Marquet (23'18,64).

20:00etan hasi zen arratsaldeko azken lasterketa, Gervaisen oroimenezkoa. Gizonen 23 urtez azpikoen mailako txirrindulariek parte hartu zuten bertan, hamahiru lehiakide guztira, eta 21 kilometroko ibilbidea egin zuten: Aizarnazabal-Iraeta-Aizarnazabal-Muniosoro-Bedua-Zumaia (saihesbideko biribilgunea)-Muniosoro-Aizarnazabal. Ibilbidea 26'54,54 denboran amaituta, Aitor Agirre zumaiarra izan zen txapelduna, eta iazko denbora minutu bat hobetzea erdietsi zuten. Bigarren postuan Urko Vidal sailkatu zen (26'56,04) eta hirugarren postua Ander Otegirentzat izan zen (27'20,85).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide