Azpeititik Errezilgo sanantonioetara autobusak antolatu dituzte

Nerea Uranga 2025ko eka. 11a, 09:00

Lurraldebuseko autobus bat.

Ostiralean, larunbatean eta igandean izango dira Lurraldebusen autobus zerbitzu bereziak Azpeitiaren eta Errezilen artean. Errezilgo Udalak eskatuta eskainiko ditu zerbitzu horiek aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak.

Ostegunetik igandera bitartean San Antonio jaiak ospatuko dituzte Errezilen, eta herri horretako udalak Azpeititik autobus zerbitzu bereziak jartzeko eskatu zion aldundiari. Hala, aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Lurraldebusen autobus zerbitzu bereziak jarriko ditu Azpeitia eta Errezil artean ekainaren 13an, 14an eta 15ean. Azahara Dominguez diputatuak azaldu duenez, jaiez gozatu nahi dutenek "modu jasangarrian, erosoan eta seguruan gozatu" ahal izan dezaten jarriko dituzte zerbitzu bereziak.

Koldo Arzallus Errezilgo alkateak festetan autobus zerbitzu berezia izatearen garrantzia nabarmendu du: "Errezil bezalako herri txikietan jaiak dira urteko elkargune nagusietako bat, eta autobus zerbitzua indartzeak bi helburu ditu: batetik, gurera etorri nahi duen edonori horretarako aukera erraztea; eta bestetik, joan-etorria lasai eta seguru egiteko aukera bermatzea. Eta, zeharka, herriguneko trafikoa arintzea ere ekarriko du". Horregatik guztiagatik, bai errezildarrak eta bai inguruko herrietakoak autobus zerbitzua erabiltzera animatu ditu.

Sanantonioetan Azpeitia eta Errezil arteko autobus zerbitzu bereziak:

  • Ekainak 13, ostirala:
    Azpeitia- Errezil: 19:30ean, Azpeitiko anbulatorio aurreko geltokitik.
    Errezil- Azpeitia: 02:00etan eta 04:30ean.
  • Ekainak 14, larunbata:
    Azpeitia-Errezil: 20:00etan.
    Errezil-Azpeitia. 02:00etan.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide