Erraldoiak estreinatuz hasiko dituzte sanantonioak

Nerea Uranga 2025ko eka. 12a, 12:43

Errezilgo erraldoiak: Sagarra eta Akerra. (Aitziber Arzallus)

Ohiko ekitaldiekin osatu du Errezilgo Festa Batzordeak sanantonioetako egitaraua, baina berrikuntzak ere izango dira: festetako kamisetak eta erraldoiak. Gaur egingo dute festetako lehen ekitaldia, pintxo-potea.

Ohiko ekitaldiekin osatu du aurtengo sanantonioetako egitaraua Errezilgo Festa Batzordeak, baina berrikuntzak ere izango dira: festetako kamiseta eta erraldoiak.

Sanantonioak antolatzen hasi aurretik, festetako kamisetaren diseinu lehiaketa jarri zuen martxan festa batzordeak. Lehiaketa irekia egin dute, alegia nahi duten denek beren diseinua aurkezteko aukera izan dute, eta behin diseinuak aurkeztutakoan, herritarrek boto bidez aukeratu dute gustukoena. Kamisetak irudi berria du eta kolore urdinekoa da. «Aspalditik zegoen festetako kamiseta aldatzeko nahia, eta aurten erabaki dugu hori gauzatzea», azaldu du Elaia Azpillaga Errezilgo Festa Batzordeko kideak. 

43 bat diseinu proposamen aurkeztu dituzte lehiaketara, eta bozketa herrikoia egin ondoren, June Atxukarrok aurkeztutako diseinuak irabazi du lehiaketa. 

Behin festetako janzkera erabakita, jaietako egitaraua jantzi beharra izan du festa batzordeak, eta urteroko ekitaldiei eutsi diete batik bat. Hala, azken urteetan ohi bezala, pintxo-potearekin murgilduko dira jai giroan errezildarrak. Gaur arratsalde eta iluntzean egingo dute hori Borondegi tabernan nahiz Akerra eta Erniope elkarteetan.

Bihar, San Antonio egunez, eguerdira bitartean jaietako gunea San Antonio baselizaren bueltan izango dute errezildarrek. 11:00etan meza izango da bertan, eta ordu berean, kalejira berezia hasiko dute Beheko Plazan. Izan ere, Errezilgo San Martin herri eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek Kulturaz kooperatibakoen laguntzarekin sortutako Sagarra eta Akerra erraldoiak kaleratuko dituzte, eta eskolako ikasle zaharrenek kalejiran eramango dituzte Beheko Plazatik San Antonio baselizara, Lidia eta Itzeder trikitilariek lagunduta. «Erraldoiak berriak dira, eta horiek arduratuko dira festetako suziria pizteaz», gaineratu du Azpillagak. Behin txupinazoa botatakoan, hamaiketakoarekin gozatzeko aukera izango dute baselizaren bueltan bildutakoek.

Bihar arratsaldean, berriz, haur eta gaztetxoak izango dira protagonista: trikiti eskolakoek ikasturte bukaerako jaialdia egingo dute 18:30ean hasita, eta dantza emanaldia eskainiko dute gero gaztetxoek, 20:00etan hasita. Segidan, 250 pertsona inguru bilduko dira herri afarian. Aurten, Erniope elkartearen ardura izango da afariaren antolaketa. Itzal taldearekin erromeria izango da afalostean, eta igande iluntzera arte festak ez du etenik izango Errezilen.

Egitaraua:

- Gaur, osteguna.

  • 19:00. Pintxo-potea, Borondegin eta Erniope eta Akerra elkarteetan.

- Bihar, ostirala. San Antonio eguna.

  • 11:00. Meza, San Antonio baselizan.
  • Bitartean, kalejira egingo dute erraldoiekin eta Lidia eta Itzeder trikitilariekin, Beheko Plazatik San Antonio baselizara.
  • Ondoren, txupinazoa erraldoiek botata, eta hamaiketakoa, Lidia eta Itzeder trikitilariek girotuta, San Antonio baselizan.
  • 18:30. Ikasturte bukaerako trikiti jaialdia.
  • 20:00. Gaztetxoen dantza emanaldia.
  • 21:30. Herri afaria, Erniope elkartearen eskutik.
  • Ondoren, erromeria Itzal taldearekin.

- Etzi, larunbata.

  • 07:00. Gaupaseroen argazkia.
  • 14:00. Bertso bazkaria, Letea jatetxean. Nerea Ibarzabal eta Sebastian Lizaso bertsolariek eta Erkizu eta Julen Labaka trikitilariek girotuta.
  • 17:00. Haurrentzako jolasak.
  • 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa.
  • 23:00. Erromeria, Iratzar taldearekin.

- Ekainak 15, igandea.

  • 12:00. Haurren pilota partidak, frontoian.
  • 14:00. Zahagi ardoa.
  • 15:30. Haurrentzako hondar eskulturen tailerra.
  • 18:30. Herri kirol erakustaldia: Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a ariko dira aizkoran. Harri jasotzen Jon Unanue Goenatxo III.a, Aimar Irigoien, Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola harri jasotzaileak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide