Nadet Arrizabalaga: "Informazio falta eta babesgabetasun handia izan ditugu"

Mireia Galarza Bastida 2025ko eka. 2a, 14:00

Nadet Arrizabalaga. (Maddi Txintxurreta)

Nadet Arrizabalagak (Zarautz, 1984) Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan egin zion 2023-2024 ikasturteko aurrematrikula bere haurrari. Alta, Eusko Jaurlaritzak ikastolari ezarritako kupoa gainditu zuen ikastetxeak urte hartan eta, ondorioz, Orokieta Herri Eskolara bideratu zuten bere haurra. Arrizabalagarena bezala, beste zazpi familia geratu ziren ikastolan matrikula egin ezinda eta, hala ere, Salbatore Mitxelenan geratu ziren. Jaurlaritzak 140.000 euroko isuna ordaintzera zigortu zuen ikastetxea.

2023-2024 ikasturteko matrikulazio kanpainan hasi zen dena. Nola jakin zenuen zure haurra ikastolatik kanpo geratuko zela? 

Oso garbi genuen haurra ikastolara ekarriko genuela, eta ez genuen uste inolako arazorik izango genuenik. Pixkanaka zurrumurruak hasi ziren, eta idazkaritzan esan ziguten badaezpada bigarren aukera bat ere jartzeko; guk zer jarri ere ez genekien. Bilera batera ere deitu gintuzten, esateko arazo batzuk aurreikusten zituztela. Izan ere, ikastolak matrikulazioaren aurretik aurreikusi zuen hiru lerro beharko zituela, jaiotza tasa igo zelako eta urtero herriko ikasleen %30 jaso ohi dituelako, baina bi lerro bakarrik eman zituen Hezkuntza Sailak. Behin-behineko zerrenda atera zenean ikusi genuen kanpoan geratu ginela. 

Zein izan zen zure lehenengo erreakzioa?

Gogorra izan zen. Gure kasuan, behintzat, talde moduan jokatu dugu, elkar zaindu dugu, eta horrek salbatu gaituela esango nuke.

Borroka egitea erabaki zenuten. Zeintzuk izan ziren lehenengo pausoak?

Lehenengo pausoa zera pentsatzea izan zen: 'Tira, guri beste ikastetxe bat esleitu digute, prest gaude hara joateko ala ikastolan geratu nahi dugu?'. Ikastolan geratu nahi genuen, eta prest geunden borrokatzeko.

Eta geratu zineten. Kezkarik izan al zenuten?

Kezka pila bat izan genituen. Ikastolako guraso guztiek batzar ireki bat egiten dute ikasturtearen bukaeran, eta uste dut ezohiko batzar bat ere egin zutela urte hartan. Han erabaki zen baietz, aurrera egingo genuela. Orain, ikastola hiru eraikinetan banatuta dago. Hemengoa [Iñurritza eraikina], Azken Portukoa eta Ispilla eraikina. Azken bi horietan 2 urteko haurrak egoten dira, eta 3 urtetik aurrerakoak eraikin nagusira joaten dira. Guk lehenengo bi hilabeteak Azken Portun egin genituen, baina ikuskariak pasatu ziren, nahiko modu bortitzean, eta erabaki genuen eraikin nagusira etorri behar genuela, han, bi urteko haurrak bakarrik egonda, oso nabaria zelako zer gertatzen ari zen. Gainera, zuzendaritzarik ez zegoen han, eta iruditzen zitzaigun irakaslearen gain zegoela pisu guztia. Hona etorri ginen, eta beste kolpe bat izan zen, zeren eraikin hartan egin genuen egokitzapena, eta aldaketek eta bizi genuen tentsioak eragina zuten haurrengan. Horren ostean ere, beti beldurrez egon ginen, ea etorriko ziren ala ez…

Hurrengo urtean, berriro hasi ginen arazoekin. Berriro etorri ziren ikuskariak, eta erabaki genuen publiko egingo genuela guztia.

Gogorra izan zen ezkutuan ibiltzea?

Bai. Ni esatearen aldekoa nintzen hasieratik, ez dudalako uste ezer txarrik egiten ari ginenik. Hasieran egin genituen manifestazio batzuk, foku mediatikoa Zarautzen jarri zen, eta esan ziguten agian ez zela gomendagarriena. Nik, pertsonalki, oso gaizki pasatu dut. Konfrontazioa ez da erraza, eta ez dakit nora eramango gintuen, baina ezkutuan ibiltzean badirudi gu ari garela zerbait gaizki egiten.

Helegite batekin ere saiatu zineten.

Gora jotzeko helegitea jarri genuen [2023ko] maiatzaren bueltan. Irailean, kurtsoa hasi behar genuenean, oraindik erantzuteke zegoen. Gerora ezezkoa iritsi zen, baloratu genuen epaiketara jotzea, baina ez genuen garbi ikusten.

Eta hurrengo urtean, berriz.

Errekurtsoaren prozesu bera egin genuen, eta orduan lehenago erantzun ziguten, ezezkoarekin. Garbi ikusi genuen erabaki politikoa zela eta helegiteen bitartez ez zegoela zereginik. Gainera, Zarauzko ikastolan gertatu dena ez da beste herri batzuetan gertatu den gauza bera; hemen lerro kopuruarekin izan dugu arazoa, ez segregazioaren kontrako neurriek dakartzaten eskola trukeekin. 

Bestalde, Zarautzen segregazioaz hitz egitea… Segregazioa eragiten duten faktore asko daude, eta hemengo tasak oso baxuak dira. Gainera, lehenengo urtean ez ziguten esan zer segregazio tasa zuen ikastetxe bakoitzak. Galdetegi batekin neurtu zuten zaurgarriak ginen edo ez, eta galdetegi hori lotsagarria zen; galdetzen dute zenbat tableta, telebista, mugikor… dituzun etxean. Ez ziguten esan zer puntuazio atera genuen inkesta horietan. Nola da posible, Zarautzen lau ikastetxe baldin badaude, guztien arteko dantza egotea? Esan nahi dut, batek tasa altuagoa badu, eta berdindu nahi bada, hor eragin beharko da, eta ez handik bat kendu, bestera bi bidali… Haur zaurgarriak bueltaka dituzte. Informazio falta eta babesgabetasun handia izan ditugu.

Beraz, Eusko Jaurlaritzarekin harreman kaskarra izan duzue?

Izan dugun sentsazioa da paso egin dutela. Azken ikuskaritza astakeria bat izan zen. Etorri zirenean, haurrak kanpoan zeuden, eta ez zieten sartzen utzi, baina haien atzetik joan ziren. Hiru urteko 50 haurretik gora herriko beste puntara joan ziren hiru irakaslerekin. Deitu ziguten bila joateko, batzuk pixa eginda zeuden…

Zergatik egin zuten hori?

Nik uste botere erakustaldi bat izan zela. 

Gero, 140.000 euroko isunarekin zigortu zintuzten.

Isuna irits zitekeen gu barruan geratuta zein kanpoan geratu izan bagina. Azkenean, erabaki zuten ikastolan geratuko ginela, baina eskubide gutxiagorekin. Egoera sinestezina da: 3 urtetik aurrerako haurren kasuan, ratioak 25ekoak dira lerro bakoitzeko, eta ikastola gainezka dago, bi lerrotan 58 haur dituelako. Baina gu zortziok ez gaituzte itunean sartu. 

Dirutza da, eta uste dugu ez zela tokatzen. Baina guretzat haurrak ziren garrantzitsuena, eta berdina sentitu genuen ikastolaren aldetik ere. Haur eta familiok erabakitzeko eskubidea izan dezagun lortu dugu, eta hori mundiala izan da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide