Uzin, Juaristi eta Alvarez kide diren eAtlantic fundazio europazalea sortu dute

Ane Olaizola 2025ko mai. 9a, 14:12

Fundazioaren sustatzaileak eta kideak, gaur, aurkezpenean. (eAtlantic)

Gaur, Europaren Egunean, aurkeztu dute Iñigo Urkullu buru duen eAtlantic fundazioa; Iñigo Uzin eta Engranajes Juaristi enpresa patronatuko kide izango dira, eta Juanjo Alvarez, ikertzaile nagusia. Agerraldian azpimarratu dute, inoiz baino beharrezkoagoa dela "konpromiso europazalea" berrestea.

Iñigo Urkullu lehendakari ohia buru duen eAtlantic fundazio europeista aurkeztu dute gaur goizean Bilbon, eta erakundeko presidenteak ondoan izan ditu hura osatzen duten 27 patronatukideak ere; tartean, Iñigo Uzin Mondragon Korporazioaren presidente ohi eta enpresari azkoitiarra, Ana Belen Juaristi enpresari zarauztarra eta Juanjo Alvarez Zarautzen bizi den abokatu eta katedradun zumaiarra.

Fundazioaren bidez europeismoaren alde lan egiteko prest azaldu da Urkullu gaurko agerraldian, hain zuzen, eragile publikoekin zein pribatuekin Europako fatxada atlantikoa bultzatzeko sortu baitute patronatua. Bost patronatukide sustatzaile ditu fundazioak: BBVA, Iberdrola, Kutxabank, Petronor eta Urkullu bera. Era berean, izaera partikularrean arituko diren beste hamar pertsona ere izango dira patronatuko kide, eta horien artean da Uzin; bestalde, zenbait erakunde, elkarte, unibertsitate, merkataritza-ganbera eta enpresak ere osatzen dute fundazioa pertsona juridiko moduan; besteak beste, Zarauzko Engranajes Juaristi enpresak, eta haren ordezkari moduan arituko da Juaristi. Alvarez, berriz, fundazioko ikertzaile nagusia izango da. 

“Europako integrazio-proiektuaren defentsaren alde” duten konpromisoa agerian utziz, Europaren Egunean aurkeztu dute fundazioa haren sustatzaileek, eta Urkulluk azaldu du inoiz baino beharrezkoagoa dela "konpromiso europazalea" berrestea eta "modu eraikitzaile eta zibikoan" integrazio proiektua aurrera bultzetzen laguntzea, kontinentea "populismoaren eta zenbait erregimen liberalen gorakadaren mehatxupean" dagoen honetan. 

Era berean, presidenteak adierazi du Araban, Bizkaian zein Gipuzkoan "beti" babestu izan dela "Europa batuaren ideala", eta eAtlandtic "tradizio" horretan txertatuta dagoela azpimarratu du. Fundazioaren funtsezko eginkizunetako bat izango da, beraz, fatxada atlantikoaren "oparotasuna" sustatzea, bere interesak Europako agendan kokatuz, "bereziki egun abian diren trantsizioen testuinguruan". Fundazioaren helburua izango da oztopoak eta aukerak identifikatu eta horiek guztiak gainditzeko ekintzak proposatzea, eta asmoen artean, honakoak aipatu ditu: "Deskarbonizazioan aurrera egitea lehiakortasuna galdu gabe, eta interkonexioak indartzea, fatxada atlantikoa Europako Merkatu Bakar berrian integratzeko, Giza Garapen Jasangarria bultzatzeaz gain". Era berean, lan horrek guztiak "Makroeskualde Atlantikoa" sortzen eta horren "potentzialari buruzko narratiba positiboa "sortzen lagundu behar duela nabarmendu du hark.

Urkulluk esan du 27 patronatukidek osatzen duten taldearen "konpromisoari lotuta" sortu dela fundazioa, eta kide guztiek dutela "esperientzia zabala" sareak lideratzen eta lankidetza proiektuetan parte hartzen. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide