Euskadiko Orkestrak Logelan logale izeneko haur kantata estreinatuko du Donostian eta Gasteizen egingo dituen hiru emanalditan. Gipuzkoako eta Arabako 22 ikastetxetako mila ikasle baino gehiagok parte hartuko dute kontzertuetan, tartean, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe eta Zarauzko Antoniano zentroetako LH 5. eta 6. mailetako ikasleek. Mila haurren eztarrietatik zabalduko den jatorrizko musika, gainera, Jagoba Astiazaran Zestoako musikariak sortu du.
Urtebeteko lanketaren ostean, Euskadiko Orkestrak bere lehenengo haur kantata estreinatuko du: Logelan logale. Asteartean eta asteazkenean Donostiako Kursaalean emango dute, 12:00etan, eta ostegunean, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan, ordu berean.
Juanjo Ocon Donostiako orkestra zuzendariak gidatuko ditu emanaldiak eta Kepa Errasti abeslari eta aktorea izango da kantatako protagonista: hark gorpuztuko duen pertsonaiak lorik egin ezin duen gau fantasiatsu batean oinarrituko da kontakizuna.
Euskadiko Orkestrak prentsara igorritako ohar batean azaldu duenez, lau abesbatza pilotu izango dira eszenatokian (Easo Gazte, Andoaingo Udal Musika Eskolako Abesbatza, Hernaniko Udal Musika Eskolako Abesbatza eta Pasaia Txiki Abesbatza) eta, bestetik, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 22 ikastetxetako ikasleak.