Gipuzkoako Euskal Pilota Egokituko Eguna ospatuko dute bihar, zapatua, Oiartzunen (Gipuzkoa). Egun guztiko festa egingo dute han, eta, 16:00etan hasita, Euskal Pilota Egokituko XV. Gipuzkoako Txapelketako binakako finalak jokatuko dituzte Madalensoro pilotalekuan. Hain justu, Urola Kosta eskualdeko hiru kidek jokatuko dituzte finalak: Josu Eskisabel azkoitiarrak, Leire Troitiño zarauztarrak eta Luis Zulaika zumaiarrak.
Adimen urritasuna duten kirolarien arteko lehian ariko dira Eskisabel eta Zulaika. Eguneko lehen finalean, azkoitiarrak Hodei Asteasurekin osatuko du bikotea, eta haiek Sheila Cueto eta Josu Arratibel izango dituzte aurkari. Zulaikak, bestalde, hirugarren finala jokatuko du, eta hark Iraitz Huegunekin osatuko du bikotea; Mikel Vega eta Eneko Sagarmendi izango dituzte arerio. Troitiño, berriz, gurpildun aulkikoen gomazko paletako finalean ariko da Beñat Lizasorekin; Aingeru Senperena eta Mikel Merino izango dituzte lehiakide haiek.
Aurten, txapelketa bi kategoriatan banatuta jokatu dute: adimen urritasuna dutenen teniseko paleta txapelketa eta gurpildun aulkiko gomazko paletako txapelketa. Guztira, 34 pilotari lehiatu dira, iaz baino bost gehiago. Lau emakumek parte hartu dute jardunaldietan, eta horietatik bi sailkatu dira finalera. Nolanahi ere, bihar Oiartzunen hiru final jokatuko dituzte: adimen urritasuna dutenen bi partida eta gurpildun aulkikoen bat.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren (GEPF) mendeurreneko ekitaldien barruan antolatu dute biharko eguna, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin (GKEF) elkarlanean. Finalez gain, pala topaketa (10:30), partida erakustaldia (12:00), Barrenea (13:00) eta bazkaria (13:30) ere egingo dituzte Oiartzunen.