Oriamendik eta ETBk atzo hasi zuten Erremontari saioa, eta horrekin batera, Sagardoaren Txapelketa Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa), eta han lehiatu zen Beñat Segurola aizarnazabaldarra. Hark Azpirozekin bikotea osatuta jokatuko du txapelketa, Alorrenearen izenean, baina bikoteak ez du modurik onenean hasi lehia; izan ere, lehen jardunaldian ihes egin zion garaipenak, Ezkurra II-Juanenea bikotearen aurka 2-1 galduta. Lehen jokoa 15-12 irabazi zuen Segurola-Azpizorek, baina arerioek erraz irabazi zuten segidakoetan: bigarrenean 6-15 egin zuten, eta hirugarrenean, joko erabakigarrian, 5-8. Horrenbestez, puntu bakarra batu zuen bikoteak, eta hirugarren da sailkapenean.
Bost bikote ari dira aurtengo Erremontari-Sagardoaren Txapelketan lehian, eta Iban Larrañaga azkoitiarra da txapelketan parte hartuko duen Urola Kostako beste ordezkaria. Javier Urriza txapeldun handiak erretiroa hartu aurretik jokatuko duen azken txapelketa izango da, eta agurreko horretan azkoitiarra izango da Urrizaren atzelaria; Petritegi sagardotegiaren izenean jokatuko dute txapelketa Urrizak eta Larrañagak. Horiek ere ligaxkako lehen egunean ziren partida jokatzekoa, baina Urrizaren amaren heriotza zela eta, bertan behera geratu zen haien norgehiagoka; horien ordez, Aldabe-Barrenetxea eta Ansa II-Zubiri bikoteek jokatu zuten, eta Aldabe-Barrenetxea 2-1 gailendu zen.
Denek denen kontra jokatuko dute ligaxka aurrena, eta maiatzaren 5ean, 12an, 19an eta 26an izango dira datozen jardunaldiak. Ligaxkaren irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalera. Hirugarren eta laugarren postuetan sailkatzen diren bikoteek play-off-a jokatuko dute ekainaren 3an. Play-off horretako irabazleak eta ligaxkan bigarren postuan sailkatu denak finalaurrekoa jokatuko dute ekainaren 9an, eta ligaxkaren bikote irabazlea zain izango du finalaurrekoaren irabazleak ekainaren 16ko finalean. Partida guztiak Galarretan jokatuko dituzte. Jaialdiak 18:00etan hasiko dira, eta ETB1en 22:30ean emango dituzte, Erremontari saioan.
Igandean, Zestoan
Oriamendik eta ETBk joan den astean aurkeztu zuten eskutik joango diren Erremontari telebista saioa eta Sagardoaren Erremonte Txapelketa zein Erremontari Herriz Herri egitasmoa. Izenak adierazten duen gisara, erremontea ohikoa ez den agertokietara eta herrietara zabalduko dute egitasmo horrekin, eta momentuz hitzordu bakarra iragarri dute Urola Kostan: Zestoan, datorren igandean, 12:00etan. Beraz, Santa Kutz egunarekin iritsiko da Erremontari Herriz Herri kiroldegiko frontoira. Bi partida jokatuko dituzte egun horretan: Goikoetxea V.ak eta Joseba Goikoetxea Goikoetxea VI.a zestoarrak Urtzi Gurrutxaga aizarnazabaldarraren eta Eskuderoren aurka neurtuko dituzte indarrak lehen partidan; segidan, Segurola-Juanetxea eta Aldabe-Larrañaga bikoteen txanda izango da.
Bezperan, Erremontari Herriz Herriren beste jardunaldi bat izango da Idiazabalen (Gipuzkoa), eta han ere lehiatuko da azkoitiarra, Ezkurra II.a lagun duela; Oier Apezetxea Azpeitiko bizilagunak jokatuko du Idiazabalgo beste partida, Irazurekin bikote osatuta.
Berrikuntza gisa, Erremontari Herriz Herrin parte hartuko duten herrietako biztanleek Erremontari-Sagardoaren Txapelketaren jaialdi batera doan sartzeko aukera izango dute aurten. Zestoakoek maiatzaren 5eko jaialdian izango dute sarrera doan Galarretan, eta Aizarnazabalgoek maiatzaren 12an, oraingoz hango partidarik baieztatu ez badute ere; horretarako, pilotalekuaren leihatilan NA erakutsi besterik ez dute egin beharko.