Eskutik joango diren Erremontari telebista saioa eta Sagardoaren Erremonte Txapelketa zein Erremontari Herriz Herri egitasmoa aurkeztu zituzten atzo Oriamendik eta ETBk Hernanin (Gipuzkoa). Aurten, eskualdeko bi pilotari lehiatuko dira Erremontari-n: Iban Larrañaga azkoitiarra eta Beñat Segurola aizarnazabaldarra. Erremontari Herriz Herriren barruan, berriz, momentuz hitzordu bakarra iragarri dute Urola Kostan: Zestoan, maiatzaren 3an.
Bost bikote lehiatuko dira aurten Erremontari-Sagardoaren Txapelketan, eta horietako bitan ariko dira Urola Kostako ordezkariak. Javier Urriza txapeldun handiak erretiroa hartu aurretik jokatuko duen azken txapelketa izango da, eta agurreko horretan Larrañaga azkoitiarra izango da Urrizaren atzelaria; Petritegi sagardotegiaren izenean jokatuko dute txapelketa Urrizak eta Larrañagak. Beñat Segurola Aizarnazabalgo aurrelariak, berriz, Azpirozekin bikotea osatuta jokatuko du txapelketa, Alorrenearen izenean. Iaz bezala, aurten ere bikote bakoitzak kapitain/botillero bat izango du: Igor Arruti izango da Segurola-Azpiroz bikotearena; eta Aritz Altadill, Urrizarena eta Larrañagarena.
Datorren astelehenean, apirilaren 28an, hasiko da Erremontari saioa, eta horrekin batera, Sagardoaren Txapelketa. Denek denen kontra jokatuko duten ligaxka jokatuko dute aurrena –apirilaren 28an, eta maiatzaren 5ean, 12an, 19an eta 26an–, eta ligaxkaren irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalera. Hirugarren eta laugarren postuetan sailkatzen diren bikoteek play-off-a jokatuko dute –ekainaren 3an, asteartea–. Play-off horretako irabazleak eta ligaxkan bigarren postuan sailkatu denak finalaurrekoa jokatuko dute ekainaren 9an, eta ligaxkaren bikote irabazlea zain izango du finalaurrekoaren irabazleak ekainaren 16ko finalean.
Ligaxkaren lehen egunean, datorren astelehenean, Urrizak eta Larrañagak Aldaberen eta Barrenetxea IV.aren kontra jokatuko dute; eta Segurolak eta Azpirozek Ezkurra II.aren eta Juanenearen kontra. Bosgarren bikoteak, Ansa II.ak eta Zubirik osatutakoak, bigarren jardunaldian egingo dute lehen agerraldia.
Partida guztiak Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko dituzte. Jaialdiak 18:00etan hasiko dira, eta ETB1en 22:30ean emango dituzte, Erremontari saioan.
Herriz herri ere bai
Erremontari-n arituko diren kirolariek zein Oriamendiren gainerako erremonstitek parte hartuko dute Erremontari Herriz Herri egitasmoan; izenak adierazten duen gisara, erremontea ohikoa ez duen agertokietara eta herrietara zabalduko dute egitasmoarekin.
Aurreko urteetan ere jokatu izan dituzte herriz herriko partida horiek, Aizarnazabalen eta Zestoan, esaterako. Atzoko aurkezpenean jakinarazi zituzten Erremontari Herriz Herriren lehen pausalekuak zein izan diren, eta horien artean dago Zestoa: maiatzaren 3an, Santa Kutz egunarekin, iritsiko da Erremontari Herriz Herri kiroldegiko frontoira.
Berrikuntza gisa, Erremontari Herriz Herrin parte hartuko duten herrietako biztanleek Erremontari-Sagardoaren Txapelketaren jaialdi batera doan sartzeko aukera izango dute aurten. Zestoakoek –eta Aizarnazabalgoek ere bai, momentuz hango jaialdiaren datarik eman ez badute ere– maiatzaren 5eko jaialdian izango dute sarrera doan Galarretan; horretarako, pilotalekuaren leihatilan NA erakustea besterik ez dute egin beharko.