Harri Txikien eta Kintopekoen Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da Aiako Probalekuan apirilaren 6an, igandearekin. 17:00etan hasiko dira harri jasotzaileak lehian, eta horien artean eskualdekoak izango dira nagusi kopuruz behintzat, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan.
Emakumezkoetan, Olaia Esnaola azpeitiarra, Udane Ostolaza oriotarra, Maddi Gesalaga zarauztarra eta Goizeder Abendibar mallabiarra lehiatuko dira Kintopeko txapelketan. Bi harrirekin, hiru minutuko txandak egingo dituzte; 50 kiloko zilindroarekin eta 50 kiloko kuboarekin arituko dira.
Gizonezkoek, berriz, Harri Txikien Txapelketa jokatuko dute, eta hiru minutuko txandak egingo dituzte hiru harrirekin: 125 kiloko koparekin; 112,5 kiloko kuboarekin, eta 100 kiloko bolarekin. Lau lagun ibiliko dira nor baino nor: Paulo Azpiazu, Mikel Lopetegi Urra eta Imanol Royo Lartain zarauztarrak, eta Beñat Telleria lasartearra.